Izendapen berri bat Koro Segurolarentzat

Noaua Aldizkaria 2023ko eka. 28a, 11:57

Argazkia: Urola Kostako Hitza

Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak Adiskide Numerario izendatu du Koro Segurola usurbildarra. Euskal filologian lizentziaduna, ez da tamainako izendapena jasotzen duen lehen aldia. Euskaltzain urgazle ere bada eta 2017tik hona, Egan literatura aldizkariaren zuzendaria. Euskaltzaindiaren egitasmo ezberdinetan parte hartzeaz gain, ikerketa-lan ugari egin ditu.

Horrelakoetan ohikoa den moduan, izendapena jasotzeko ohorea izan duen adiskide berriak sarrera-hitzaldi bat eskaintzen du. Koro Segurolak ‘Letra Ederrak eta euskara Euskalerriaren Adiskideen egitasmoetan’ izeneko ikasgaia aurkeztu zuen Azkoitiko Intsausti jauregian, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko egoitzan bertan.

Ekitaldia ez zen hor amaitu. Egan literatura aldizkariak 75 urte bete ditu eta Koro Segurolaren izendapena argitalpenaren urteurren borobila ospatzeko baliatu zuten. Juan Luis Zabala idazleak eta Egan aldizkariko kideak literatura sorkuntzaz jardun zuen.

 

Usurbilgo txistulariek girotu zuten ekitaldia

Musikariek edertu zuten San Joan egunez egin zen ospakizuna. “Hasieran eta hitzaldi batetik besterako tartean, Usurbilgo nire kuadrillako txistulariek jo zuten”, Koro Segurolak berak pozarren azaldu digunez. Roman Manterola, Iñaki Mujika eta Jexux Pagola bertaratu ziren, “eta atabala jotzen Iker lezoarra aritu zen”.

Josu Okiñena piano-jotzaileak eta elkarteko adiskideak eta Maider Ronquete sopranoak aldiz, ‘Maitia nun zira’ abestia eskaini zioten.

Luis Elicegui Mendizabal Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko lehendakariak eta Iñaki Azkune Mendia Adiskide Numerarioak Koro Segurolaren izendapenaren berri eman zuten ofizialki. Bi kide hauen eskutik jaso zituen domina eta diploma.