Usurbilgo jaiak 2023

Oilasko biltzaileek ekarriko digute festa giroa herrira

Noaua Aldizkaria 2023ko eka. 28a, 07:38

Jai giroa herriko txoko askotara zabalduko duten oilasko biltzaileek ekingo diete aurtengo jaiei. Belaunaldi ezberdinei biharko hitzordu honetan parte hartzeko deia egin diete. 

Usurbilgo jaietan bihartik! Hasteko, oilasko biltzaileak izango ditugu herrian barrena biran. Goizean goiz txosnetan gosari legea egin eta segidan herrian barrena kalejirari ekitekoak dira. Parte hartzeko deia egin dute. Beteranoei ere leku egin nahi diete aurtengoan. "Parte hartzea handitzen saiatu nahi dugu. Gazteak soilik ez, helduagoak ere animatu nahi ditugu. Lehen festa eguna izango da, fresko egongo gara oraindik", gogorarazi dute.

Herria zeharkatu ostean txosnetan bilduko dira bazkaritarako. Arratsaldean, gazte mugimenduak izango du festei ekiteko ohorea, udaletxeko balkoitik. Segidan, herria bertaratzea sustatu nahi duten kalejira egingo da eta handik, gazte mugimenduak piztuko duen bigarren txupinazora. 

Hitzorduon aurretik amaituko da azken asteotan jokoan izan den Usurbilgo Pala Txapelketa; pala egokituari lotutako jaialdi berezi baten baitan. 

Erromeria giroa eguna borobiltzeko; Laket izango dugu frontoian. Kideetako bat usurbildarra dugu; Ixak Arruti. Gero, 14-15 herrikide talde txosnetako oholtza gainera igoaraziko dituen Bertsio Gaua ospatuko da. "Adin eta genero aldetik" askotarikoak animatu dira aurtengo edizioan parte hartzera. "Iaz emakumeen presentzia areagotu zen, aurten ere bai". Gainerakoan, koadriletatik haratago doazen taldeak, Zumarteko kideak... ikusiko ditugu txosnetako oholtza gainean, ekainaren 29an. Adi, Xauxar Txosna Batzordearen sare sozialei. Egunotan, parte hartuko duten taldeen berri eskainiko dute.

 


Usurbilgo jaiak
Ekainak 29-uztailak 3
11:00-13:00/18:00-20:00 Zirriborro tailerreko ikasleen pintura eta eskulanak ikusgai Sutegin.

Ekainak 29, osteguna
06:00 Oilasko biltzaileen gosaria eta irteera, txosnetatik abiatuta.
14:00 Oilasko biltzaileen itzulera eta bazkaria.
15:30 Pala txapelketa: kirol egokituen erakustaldia eta binakako finala.
Pala egokituko jaialdiko parte hartzaileak:
1-Aingeru-German - Leire-Mikel
2-Manu-Asier - Joseba-Beñat
3-Lehen partidako galtzailea- 2. partidako irabazlea
4-2. partidako galtzailea- 1. partidako irabazlea
5-Finala eta 3. zein 4. partidetako irabazleak.
19:00 Txupinazoa eta ikurrinaren igoera Joxe Martin Sagardia plazan, gazte eragileen eskutik.
Ondoren, herri-kalejira, besteak beste buruhandi eta erraldoiekin.
20:00 Gazte txupinazoa, txosnen irekiera.
23:00-00:30 Dantzaldia frontoian: Laket.
Jarraian, Bertsio Gaua txosnetan.

Ekainak 30, ostirala
9:45 Haur eta gazteei harrera, Joxe Martin Sagardia plazan.
10:00-13:00 Txikienentzat puzgarriak frontoian.
10:00-12:00 Gaztetxoentzako erronka (LH5etik DBH2ra).
10:00-12:00 Ginkana (LH1etik LH4ra).
10:30-11:30 Txutxu trena: Haur Eskola, Eguneko Zentroa eta Artzabalgo helduak.
11:30-13:30 Txutxu trena, Bordatxo aurretik.
12:00-13:30 Buruhandi eta erraldoian emanaldia.
13:30 Umeen bazkaria Artzabalen.
13:00 Marianitada txosnetan.
14:30 Gazte bazkaria txosnetan. 
Ondoren, Aitor eta Galderren aldeko elkartasun argazkia.
Ondoren, bingo musikatua.
15:00-18:00 Ur puzgarriak Kiroldegi aurrean.
15:30-17:30 Txutxu trena, Bordatxo aurretik.
18:00 Distopia Elektrotxaranga.
18:30 Txokolate jatea Artzabalen.
19:00 Herri kirolak. Herritarrez osaturiko bi talde lehian: txinga, trontza, aizkora, korrika, giza-proba, harrijasotzea.
23:00 Niko Etxart&Hapa-Hapa frontoian.
Txosnetan: Pleura, La Furia, La Fulana DJ.

Uztailak 1, larunbata
11:00 Bola txapelketa Askatasuna plazako bolatokian.
12:30 Herriko dantzariak frontoian.
Kuxkuxtu Txaranga.
14:00 Zikiro jana, Askatasuna plazan.
17:30 Sokamuturra Udarregin.
18:00 Mexikortxo rantxerak txosnetan.
Ondoren, Laskotxaranga.
18:30 Buruhandi eta erraldoiak.
23:00 Kontzertuak frontoian: Mihise eta Xiberoots.
Ondoren, txosnetan: Rukula, Odei Latxironga Dj-a.

Uztailak 2, igandea
07:00 Skapaie elektrotxaranga.
Ondoren, gaupaseroen argazkia.
09:00 Esnadeia txistulariekin.
12:00 Sokadantza, Joxe Martin Sagardia plazan.
Ondoren, lore eta salda banaketa.
12:00 Triku taldearekin kalejira eta joaldunak.
17:00 Esku pilota txapelketako finalak:
-Kadeteak: Alejo-Errasti (Pagazpe) - Aburuza-Pagola (Añorga)
-Nagusiak: Orbegozo-Albeniz (Orio) - Olaizola-Aranguren (Eple-Orereta)
18:30 Runba poteoa eta parodia txosnetatik.
19:00 Bertsolariak Joxe Martin Sagardia plazan: Sustrai Colina, Igor Elortza, Alaia Martin eta Eli Pagola. Gai-jartzailea: Maite Berriozabal.
22:00 Kontzertuak txosnetan: Kohatu eta Lukiek.
Ondoren, Fresa Morango DJ-a.

Uztailak 3, astelehena
09:00 Esnadeia trikitilariekin.
11:00-13:00 Toka txapelketa eta Santixabel Igel Jokoa, Artzabalen.
11:00-13:00 Kolore Festa.
13:00 Kolore Festako opari-banaketa.
14:00 Jubilatuen bazkaria, Atxegan.
15:30 Musa txosnetan.
15:30-18:30 Puzgarriak Olanoeneko plazan eta Joxe Martin Sagardia plazan.
18:30 Emanaldia Artzabalen: Gure Pakea Dantzan.
18:30 Buruhandi eta erraldoiak.
19:00 Puro Relajo taldea Artzabalen.
19:00 Paella lehiaketa txosnetan.
20:00 Disko festa eta karaokea Gaztelekuan.
23:00 Maskota erretzea eta traka.
Ondoren, txosnetan: Amiltzen eta karaokea.