Murrizketak

Osakidetzak uda parterako murrizketak iragarri ditu, ez diete anbulatorioari eragingo

Noaua Aldizkaria 2023ko eka. 28a, 09:02

Osakidetzak hainbat osasun-etxe itxi edo beste hainbatetako ordutegiak murriztuko ditu uda honetan. Itxuraz, erabaki honek ez dio eragingo Usurbilgo anbulatorioari, bai ordea, hemendik gertuen izan eta herri hau ere erabiltzaile duen Lasarte-Oriakoari.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak murrizketak aplikatuko ditu uda honetan osasun zerbitzuetan. Zenbait osasun-etxe itxi eta beste zenbaitetako ordutegiak murriztea erabaki du. Erabaki honek, itxuraz behintzat ez dio eragingo Usurbilgo anbulatorioari.

Udalerri honetako zerbitzu hau Donostialdeako ESIaren baitan txertatua dago. Sare honetan dauden hainbat osasun-etxeetan goizeko 8:00etan irekitzen jarraitu bai baina itxiera ordua 17:00etara aurreratzea aurreikusia dute; tartean, Usurbildik gertuen dagoen Lasarte-Oriako anbulatorioan, uztailaren 17an hasi eta irailaren 15era arte. Gogoan izan, urtean zehar, Usurbilgo alboko herri horretako osasun-etxean 20:00ak arte eskaintzen dute arreta zerbitzua.

Murrizketok Osasun Sailaren esanetan, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako osasun zerbitzuen %40ari eragingo diote udako hilabeteotan. Erabaki hau hartzeko bi argudio aipatu ditu Eusko Jaurlaritzak; batetik, urte garai honetan zerbitzuotan izaten den "eskari txikia" eta langileei atsedenerako tartea ahalbideratu nahi izatea.