Ordu luzeetako biraren osteko irudiak dituzue albiste honi atxikitakoak. Aurtengo herriko festetan murgiltzen goiztiarrenak izan diren oilasko biltzaileek girotu digute Santixabeletako lehen txanpa. Goizeko 6:00etan zeuden geratuak gosaltzeko. Handik gero etxez etxeko birari ekin diote, usadio zaharra berritu dute beste behin.
Kanturako eta dantzarako gogoa ez zaie apaldu, ordea, orduek aurrera egin ahala. Ikusi besterik ez zen nola itzuli diren Kaxkora; parrandarako gogo biziz hain zuzen. Zendoiako geldialdiaren ostean, Bordatxo pareko errotonda inguratuz egin dituzte azken dantza saioak eta atera dute talde argazkia. Festa giroa herri osora hedatu dute oilasko biltzaileek. Oraindik txupinazoa jaurti ez duten arren, Usurbil bista denez, jaietan da jada.