Estreinakoz jaien bestelako hasiera bizi izan dugu aurtengoan. Txupinazoa jaurti eta beti egiten da erraldoi eta buruhandiak musikariekin batera bidelagun dituen kalejira. Aurtengoan, ordea, hitzordu hau eraldatu, indartu egin nahi zuten. Udaletxetik jaurtitako txupinazoaren, eta gerora, Mikel Laboa plazako txosnagunea irekiko zuen bigarren gazte txupinazoaren arteko zubi-lana egin.
Jai Batzordean txertatu nahi izan duten aldaketa honen emaitza, albiste honi atxikitako irudiotan duzue. Ohi baino herritar belaunaldi gehiago batu dira aurtengoan. Ekimenak herri kalejira izaera hartu du oraingoan. Erraldoi eta buruhandiak batu zaizkie. Adi, egunotan ikusgai izango dituzuen karetak itxuraz berrituta plazaratu dituzte lehen aldiz aurten. Haiekin herriko txistulari talde mitikoa itzuli da festetara. Ez dira izan, ordea, hitzorduan parte hartu duten musikari bakarrak izan. Jaixkipe txarangako kideak izan dira herri kalejira honen buru. Tartean, buruhandiengandik lasterka bizian ihesi zihoazen gaztetxoak ikusi ditugu, haur eta gurasoak ere bai kalejira honetan. Baita gaurko bi txupinazoetan protagonista izan den Usurbilgo gazteria ere.
Bi txupinazoen lotunea
Berrikuntza gehiago ere izan ditu hitzordu honek; geltokiak hain zuzen, ez baita izan etenik izan ez duen herri kalejira. Geldialdiak izan ditu Olanoenea plazan, Askatasuna plaza pareko Zubiaurrenea kalean edota Bordatxo pareko biribilgunean. Guztietan, herrikideek biziarazi dituzten erraldoien dantza paregabeez, nahiz txarangaren erritmo bizira mugitzeko aukera izan da.
Aipatu moduan, lehen txupinazoa jaurti den udaletxe aurreko Joxe Martin Sagardia plazatik abiatu da herri kalejira berritzaile hau; amaitu, aldiz, bigarren txupinazoaren eremuan, gazte mugimenduaren Mikel Laboa plazako txosnagunean.