"Zapalduak izan arren garaitezinak egiten dituen edabea". Euskaldunak irudikatzen dituen edabe hau Mikel Laboa plazako erdigunean kokatuta zela, bere bueltako ikuskizun paregabea eskaini du Usurbilgo gazte mugimenduak, ostegun honetan, txosnen irekieran ospatu duten bigarren txupinazoan.
Sorgin talde baten laguntzaz, edabe magikorako sugarrak batu dituzte; herri honetako emakumeen askatasunaren, langileen borrokaren, euskararen eta lurraren defentsaren aldekoak. Maitasuna, elkartasuna, elkarzaintza eta askatasuna bezalako osagaiak erantsi dizkiote, eta hortik sukaldatu dute zuzenean lerrootan mintzagai dugun edabe magikoa.
"Edan dezagun denok independentziarako indarra emango digun edabea", gonbita egin diete ekitaldian bildutakoei. Haiekin guztiekin kopak altxatuz eta dantza bizian ireki dute txosnagunea eta ekin diote egunotarako antolatu dituzten ekimenei.
Irrintziya
Gure ametsik magikoenetan ere ez dago munduko arazo guztiak konponduko dituen edabe magikorik. Baina bada magia bat gutako bakoitzaren barnean, gure ingurua eraldatzeko, pixka bat hobeago egiteko, indarra ematen diguna. Begira diezaiogun gure barneko argitxo horri, pentsa dezagun gure txikitasunetik zer egin dezakegun, beti zer nolako mundua nahi dugun eta zer nolako Euskal Herria nahi dugun irudikatuz.
Berdintasunaren eta askatasunaren printzipioei jarraituz, gure inguruan ematen diren zapalkuntzak iraultzeko hautua egitea dagokigu gutako bakoitzari. Txikiak elkartuz handiak jan ez gaitzan, euskaldunok elkartuz euskara bizi dadin, emakumeok batuz patriarkatua suntsitua izan dadin, langileok borrokatuz denok bizitza duin bat eduki dezagun.
Zapalduok ditugun erronkak kolosalak dira eta garbi izan ez dugula egun batetik bestera lortuko amesten dugun Euskal Herria. Baina, noizbait lortuko al dugu ametsak betetzea? Baina, ez al da bizitza ametsak jarraitzea? Hau bizitza ulertzeko modu bat da, gure ametsak hil arte egunero jarraitzea, gure txikitasunean eta denon handitasunean borrokatzea.
Maitasunez eta elkartasunez, askatasunez eta borrokaz berdinen arteko Euskal Herria askearen norabidea jarraitzea. Edan dezagun denok independentziarako indarra emango digun edabea. Altxa kopak eta bete bihotzak!
Gora Santixabelak!
Gora Euskal Herria askatuta!