Usurbilgo jaiak 2023

"Bizirik, indartsu gaude baina askoz gehiago, indartsuagoak, anitzagoak izan eta batuago egon nahi dugu"

Noaua Aldizkaria 2023ko eka. 29a, 21:29

Usurbilgo gazte mugimenduak izan du aurtengo Usurbilgo festei ekiteko ohorea.

Ziortza gazte elkartea, Gaztelekua, Ernai, Xauxar Txosna Batzordea, Aztarrika Gazte Asanblada eta Kafe Tertulia neska* gazteen talde feminista. Izen-abizenekin eragile hauek guztiak, bestela esanda, Usurbilgo gazte mugimenduak izan du aurtengo herriko festak abiarazteko ohorea.

Beste ezer baino lehen, eta festak abiarazi dituen suziria piztu aurretik eskerrak helarazi dizkiete omenduek herrikideei, ohoretzat jo duten aukera hau eskaintzeagatik. "Urte luzeetan egindako lanaren aitortza moduan ikusten dugu. Izan ere, bakoitzak bere esparru eta txikitasunetik etengabean ari baikara herria egunero eraikitzen".

Eragile bakoitza zertan ari den, bere burua aurkezteko baliatu dute udaletxeko balkoian egin duten agerraldia. "Ziortza gazte elkarteak heldu gazteei aisialdia eskaintzen dion taldea da. Herritik eta herriarentzat, euskaraz eta elkarlanetik eta parekidetasunetik eraikiz, gazteekin kalean eta kaleak bizitzea dugu helburu, elkarlanean eta jolasetik herria eraiki daitekeelako". Usurbilgo Udalaren zerbitzua den Gaztelekua eskuragarri dagoela gogorarazi du kideetako batek. "Nerabeen elkarteetarako gunea izatea helburu du".

Aztarrika gazte asanbladaren txanda izan da segidan. "Herriko gazte mugimenduaren motorra da, gazteok gara herriaren motorra eta indarra, bestelako Usurbil eta Euskal Herri batean sinesten dugulako eta hau egunero eraikitzen elkarlanean segiko dugulako". 

Kafe Tertuliak ere hitza hartu du. Gogorarazi dutenez, "dinamika orokor gisa neska* gazteen beharrei erantzutea dugu helburu. Hala ere, aurtengo erronka nagusia, urriaren 13, 14 eta 15ean Usurbilen ospatuko den Euskal Herriko neska gazteen Baterajotzea da". Azkenik, Xauxar txosna batzordearen eta Ernai gazte erakundearen txanda. "Usurbilgo gazteria proiektu independentisa, sozialista eta feministaren aldeko lanera batzea dugu helburu. Behetik eta ezkerretik, nazio proiektu oso bat elikatzen dihardugu egunerokotasunean, gazteria politizatuz eta bestelako ortzimuga baten alde lerratuz", adierazi dute Ernaiko ordezkariek.

Festa giro betean gauden honetan, txosna batzordetik, aldiz, bilgune honek "agenda komun bat sortu eta jai herrikoi batzuen alde antolatzeko auketa eskaintzen digu. Sinisturik gaude herriko jaiak elkar ezagutzeko, dantzatzeko, gozatzeko espazioak direla baina baita aldarrikapenerako eta borrokarako plaza ezinhobeak ere. Horren emaitza da aurten ere sortu dugun egitaraua", nabarmendu dute.

Elkargunea eraikitzen
Eragile bakoitza bere aldetik zertan ari den, herriari zer ekarpen egiten dion azaltzeaz gain, une honetan, denak batera eraikitzen ari diren Elkarguneaz ere bi hitz egiteko baliatu dute txupinazoaren ekitaldia. "Bizirik gaude, indartsu gaude, asko gara baina gehiago izan nahi dugu, askoz gehiago, indartsuagoak, anitzagoak eta bateratuagoak. Asanbladetan gaude, kanpamenduetan, manifestazioetan, agerraldietan, jolasetan gaude eta kantuz gabiltza, kantuz eta saltoka. Haurren irribarretan gaude, gaztetxoen barnean, gazteen bihotzetan eta ez hain gazteenetan ere. Mila proiektu ditugu eskuartean, norberak bere aldetik, bere borroketatik, bere lanetik, helburuetatik eta antolatzeko eratik dihardugu, baina orain, gainera, badugu elkartzen gaituen gauza bat izugarri; elkargunea sortzeko konpromisoa hartu dugu. Behar dugulako guk, baina behar dutelako Usurbilgo gazteek ere, baina batez ere behar duelako Usurbilgo herriak".

Ildo horretan, gaineratu dutenez, "herri bizi batean sinesten dugu guztiok, parte hartzen eta eraikitzen duen herri batean. Elkarturik eta antolaturik gauden bitartean, Usurbilgo herria ez da sekula hilko. Sugarrak bizirik dirau eta bizirik jarraituko du. Gora Usurbil, gora gazte mugimendua eta gora Santixabelak!".

Suziria pizteko ohorea izan du aurtengoan gazte mugimenduak. Txupinazoa jaurti eta berehala hasi dira dantzatzen Usurbilgo ereserkia Orbeldikoak. Eta kantuan eta dantzan batu zaizkie udaletxe aurrean bildutakoak.

"Harro egoteko moduko gazteria du Usurbilek"
Aurretik, ekitaldi hasieran, bigarrenez hautatu berria izan den Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrieta Mesak hartu du hitza, beste ezer baino lehen, abiarazi ditugun festak ospatzea ahalbidetu dutenak eskertzeko. Txalo zaparrada eskatu du "udal langile eta zinegotzientzat, herriko taldeentzat; jubilatu, guraso... Aupa zuek! Aurten ere izugarrizko egitarau bikaina antolatu duzuelako, herritik eta herriarentzat eginiko jai herrikoiak, jai paregabeak. Milesker bihotz-bihotzez".

Erasorik gabeko jai askeak defendatu ditu. "Beti esaten dugu eta aurten ere esango dugu, herri honetan ez ditugula eraso edota jarrera matxistak edo homofoboak onartuko, gauak eta kaleak ere geureak direlako eta festak eta egunerokoa beldurrik gabe, aske bizi nahi ditugulako. Aske izan nahi dugulako nahi dugunean eta nahi dugun bezala ibiltzeko. Atzo, ekainak 28 izaki, ozen aldarrikatu nahi dugu ez dugula atzerapausorik onartuko, egiteko asko geratzen den arren, lortutakoa ezabatzera datorren faxisten aurrean, askatasunaren aldeko horma erraldoia eraikiko dugulako. Hori da gure konpromisoa eta Izaroren letrak dioen bezala, bizi nahi dut libre, zuen legeen kontra, zuen usteen kontra, pertsona askeak izan nahi dugulako herri aske batean".

Usurbildarrak izan ditu ahotan, bereziki ordea, azken aldian, joan zaizkigunak eta haien hurbilekoak. "Ez dira errazak izan azkeneko egun hauek usurbildar askorentzat. Herrikide ugari joan zaizkigu azken egunotan gure artetik eta gaurko egun hau baliatu nahi dugu denentzat muxu handi bat emateko beren senide eta lagun guztientzat, zaudeten lekuetan zaudetela gozatu ere Santixabeletaz!".

Eta noski, alboan zituen gazteak, Usurbilgo gazteria goraipatu nahi izan du alkateak. "Konpainia ederrean gaude, gazte mugimenduko kideak ditugu alboan". Adierazi duenez, "bada gazteak kritikatzeko joera, asko hitz egiten da gazteei buruz baina seguru gutxi gazteekin. Euren inguruko topikoak erruz eta erraz zabaltzen dira, gazteek denetaz paso egiten dutela, ez dutela ezer egiten. Bada ez, plaza eta balkoi honek erakusten duen bezala, Usurbilgo gazteria definitzen duen ezaugarri bat bada konpromisoa, herrigintzarako ilusioa eta aktibismoa. Azken bolada honetan, gainera, ekimen ugari ari dira batasunetik eta elkarlanetik antolatzen. Harro egoteko moduko gazteria du Usurbilek, herrigintzaren piperra eta gatza, herri giroaren eta herri ilusioaren ernai, poz handia ematen du herrian hainbeste gazte ikusteak etorkizuneko erronkei aurre egiteko proposamenak lantzen eta borrokatzen. Horregatik, ondo merezita daukate aurtengo Santixabeletako txupinazoa botatzeko ohorea".



 
 
 

h