Biziki estimatua izaten dugu txutxu trena jaietan. Haurren Egunean herrian barrena bira egiten duen doako garraio zerbitzu honetan ez da inoiz bidaiari faltarik izaten. Gaur gutxiago. Estreinakoz, goiz parteko lehen ordua Usurbilgo belaunaldi gazteenak eta helduenak erabiltzeko erreserbatua zuen antolakuntzak. Hain zuzen, zaintza ekosistema berri bat eraikitzeko prozesuan parte hartzen ari diren hainbat kideek sustatuta, 10:30-11:30 artean Puntapax eguneko zentrokoek nahiz Artzabalgo arreta zerbitzuek edota Haur Eskolakoek erabiltzeko aukera izan dute txutxu trena. Gerora, eta egun osoz, gainerako herrikideek. Goiz partean 13:30ak arte eskaini du zerbitzua; bazkalostean itzuli da bidera. 15:30-17:30 artean, Kaxkoko kaleetan barrena trenez bidaiatzeko aukera izango duzue.
Bistan denez, ibili diren guztiek errepikatu nahi izaten dute esperientzia. Goizean zehar Bordatxo pareko biribilgunean zegoen jende ilara horren lekuko.