Inoiz baino argiago esan zitekeen ostiral goiz honetan, nonahi zebiltzala haurrak: Udarregi ikastolako patioan edota bere pareko zelaian, Joxe Martin Sagardia eta Sagardo plazetan, Artzabal aldean... Gune guztiotan eta tokiotatik barrena mugimendu bizian, azken hilabeteotan elkarlanean aritu den guraso talde batek prestaturiko ibilbideko jolasetaz gozatzen.
Ekintza guztiak izan dira kooperatiboak, talde jolasak; hala, jauzika, ur eta xaboi artean irrist eginez, pilotan, briletean, aulki edota zapi jokoetan ikusi ditugu. Azken ekintza honetan, ordea, zenbakiekin jolastu beharrean, Usurbilgo baserri izenak aipatu dituzte, herriko toponimia ezagutarazteko ahaleginean.
Ekintza guztiotan, gainera, amaieran pista berezi batzuk jaso dituzte; piezak ziren. Aurten 50 urte bete dituen Jose Luis Zumetaren frontoi atzeko muralaren irudi zatiak. Taldeek, amaieran, udaletxe aurreko plazan, murala bera osatu behar izan dute.
Ehunka haurrek parte hartu dute gaurkoan. Herrigunea hartu dute goizean goizetik; erronkan aritu dira LH5 eta DBH2 artekoak, ginkanan LH 1-4 ikasturteetakoak. Txikienek frontoian jarri dituzten puzgarrietan entretenitu ahal izan dute, edota baita herrian barrena ibili den txutxu trenean.
Adin guztietako gaztetxoak eguerdian irten diren erraldoi eta buruhandiek elkartu dituzte, eta baita berehala bereizi, buruhandi biziengandik ihes egiteko.