Usurbilgo jaiak 2023

Harrera beroa egin zaie soka-dantzako kideei

Noaua Aldizkaria 2023ko uzt. 2a, 14:00

Soka-dantza Joxe Martin Sagardia plazan egin ohi da. Goizean goizetik euria ari zuenez, frontoira aldatu dute ekitaldia. Udaletxeko plazak aterperik ez du eta zorua bustita zegoenez, arriskutsua izan zitekeen dantzarientzat. Soka-dantza hasi baino ordubete lehenago eman dute erabakiaren berri. Jendeak hala ere, erruz erantzun du eta giroa ederra sortu da frontoian.

Udal korporazioko kideek eskaintzen dute soka-dantza. Ia korporazio osoak hartu du parte gaurko ekitaldian. Batzuk oso fin aritu dira eta beste batzuk lanak izan dituzte. Hala ere, frontoiaren onespena eta babesa jaso dute den-denek.

Soka-dantzaren amaieran, ikusmiran dauden herritarrak plazara ateratzeko ohitura dago. Alkatea alaba batekin aritu da eta Patri Romero zinegotzi sozialista berriz, semearekin. Gorka Otxoa zinegotzi jeltzaleak aldiz, Estitxu Alkorta gonbidatu du plazara. Alkorta Lasarte-Oriako EAJko kidea da eta Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko zuzendaria.

 

Orbeldik hartu du soka-dantza erakustearen lekukoa

Iñaki Urkiak eta Aitor Egiletak urteak eta urteak egin dituzte jaietako soka-dantza irakasten. Aurrerantzean Orbeldi Dantza Taldea arduratuko da zeregin honetaz. Gaurko ekitaldian, Iñaki eta Aitor omendu dituzte. Erantsi dugun bideoaren pasarteetako batean duzue omenaldia.