Usurbilgo Udalak, Kafe Tertulia neska* gazteen talde feministak eta Xauxar txosna batzordeak deitu dute festetan izan diren erasoak salatzeko igande arratsalde honetako elkarretaratzea. 18:00ak jota Mikel Laboa plazan zuen itxura duzue ondoko irudiotan.
Belaunaldi ezberdinetako herritarrak bildu ditu urgentziaz deitu duten mobilizazioak; tartean ziren baita udalbatza osatzen duten hiru talde politikoetako (EHBildu, EAJ eta PSE-ko) ordezkariak, baita aipatu moduan, herriko mugimendu feministako kideak eta hainbat herritar. Guztiak, "Erasorik ez, erantzunik gabe" aldarria zeraman pankartaren bueltan bildu dira. Hainbat minutuetako elkarretaratzea isila egin dute. Antolatzaileek irakurritako adierazpenak eta amaierako txaloek hautsi dute isiltasun hau.
Jaiotan gertatutako erasoak salatu eta indarkeria matxista jasan dutenei babesa adierazi diete mobilizazio honetan.