Usurbilgo jaiak 2023

"Erasoei aurre egitea guztion lan pertsonal eta kolektiboa izango da"

Noaua Aldizkaria 2023ko uzt. 2a, 20:35

Jaietan izandako erasoen salaketa eta erasotuei babesa adierazteko elkarretaratzea egin dute igande arratsalde honetan Mikel Laboa plazako txosnagunean. "Txosnagune honetan ez da inolako erasorik onartuko eta gertatzen badira erantzun egingo dugu", adierazi dute deitzaileek. Zeregin hau guztiona dela gogorarazi dute. "Erasoei aurre egitea guztion lan pertsonal eta kolektiboa izango da".

Adierazpena
Festa giroan eten hau egin behar izan dugu, ostiral gauean herriko emakume batek jasan zuen eraso matxista salatzeko. Usurbilgo udalak, Kafe Tertulia neska* gazteen talde feministak eta Xauxar txosna batzordeak gure elkartasuna eta babesa adierazi nahi diegu bai emakumeari eta bai arreba babesteagatik jipotua izan zen anaiari. Ozen aldarrikatu nahi dugu, Usurbilen ez ditugula eraso eta jarrera matxistak onartzen eta erasotzaileak ez direla ongi etorriak gure herrian.

Festak hasi aurretik, sexu erasoen aurkako protokoloa landu genuen hemen gauden hiru eragileok eta protokoloan finkatu genituen urrats guztiak jarraitu ditugu. Protokoloaren aurkezpenean esaten genuen bezala, eta tamalez egunotan gure herrian bertan ere ikusi eta bizi ahal izan dugunez, festa giroa ez da berdina izaten guztiontzat. Emakumeok festaz askatasunez eta berdintasunez gozatzeko eskubidea badugu ere, egunerokoak erakusten digu oraindik orain ez dela horrela.

Emakumeok festak askatasunez eta berdintasunez gozatu behar ditugu, sexu erasoen beldur sentitu gabe, seguru sentituta eta geureak ere badiren toktiak eta espazioak ukatu gabe. Haatik, oraindik ere jaiak eta gauak ez dira geureak. Irteten garen bakoitzean espazio horiek eskuratzeko borroka neketsua egin behar dugu, aisialdiko gune horiek askotan kontrako eremu bezala bizitzen ditugulako; keinuak, begiradak, halabeharrezko igurtziak, eskatu gabeko piropoak, eta azken finean, mutilen etengabeko lerde jarioa espazio horien ezaugarri direlako. Hauxe ere bizitu behar izan zuten herriko hainbat neska gazteek ostiral gauean eta baita atzo gauean ere txosnan lanean ari zirela; era guztietako irain sexistak eta lerde jario nazkagarriak.

Festak izaten dira gizartearen isla, ispilu handia izan ohi dira, baina festetan dena ez da libre. Udan, festa eremuan emakumeen kontra ematen diren jazarpenak ugaritu egiten dira, ikusi dugun bezala, hitzezko abusuak, ukituak. Baina tamalez, hainbat jarrera festa giro horretan normaltzat hartzen ditugu oraindik ere. Baina horiek guztiak erasotzat jo behar ditugu, jai eta festa giroetako testuinguruetan erlatibizatu egiten ditugu, garrantzia kendu, eta hori ez da posible.

Bada nazkatuta gaude indarkeriaz eta argi utzi nahi dugu txosnagune hau gune aske bat dela denontzako, txosna batzordeak eta mugimendu feministak ez dituela ez eraso sexista, homofobo, xenofobo, lesfobo ezta bestelako eraso matxistarik onartuko. Horregatik, ozen esaten dugu, kaleak, gauak jaiak gureak ere badirela, jaietan ere gozatu nahi dugulako. Erasoei aurre egitea guztion lan pertsonal eta kolektiboa izango da, espazio aske eta seguruak ehortzea guztion ardura da. Txosnagune honetan ez da inolako erasorik onartuko eta gertatzen badira erantzun egingo dugu. Festetako protokoloarekin jarraituko dugu. Norbaitek erasoren bat pairatzen badu, gerturatu guregana. Ez zaude bakarrik, erasorik ez erantzunik gabe!