Euskal Herrian barrena egingo den hirugarren etapa izango du datorren astelehenekoa, uztailaren 3koa, 110. Frantziako Tourrak. Zornotzan hasi eta Baionan amaituko da. Ibilbide horretan, Usurbilek mugakide dituen udalerrietatik igaroko dira txirrindulariak.
Gipuzkoara kostaldetik sartuko dira, Mutriku aldetik. Kostaldea utzi gabe helduko dira Orioraino eta handik gorantz Orioko Bentara igo eta Igeldo alderako bidea hartuko dute. Donostia zeharkatuko dute bigarren egunez txirrindulariek eta hortik Pasaia aldera joko dute segidan. Adi, Tourrak zeharkatuko dituen bide guztiak ordu luzez itxita egongo dira. Usurbilgo Udalak ohartarazi duenez, "Usurbildik Igeldora eta Orio Bentarako bideak itxiko dituzte uztailaren 2an, 18:00etatik aurrera. Bizilagunek soilik pasatu ahal izango dute".
Informazio gehiago, letour.euskadi.eus atarian. Etapa hauek ikustera joateko asmoa duenak ikurrina errepidera ateratzeko deia egin du Gure Eskuk.
Autobusik ez
Lurraldebusek ohartarazi duenez, astelehen honetan, uztailaren 3an. Usurbil Donostiarekin nahiz Oriorekin lotzen duen UK09 zerbitzua etenda egongo da 11:00-16:10 artean Usurbildik Donostiarantz eta 10:00-16:50 artean Oriorantz.
Geltoki aldaketa
Usurbil eta Hernani arteko autobus zerbitzuak ez du geltokirik izango herri barruan. Jaiek iraun artean, ekainaren 29tik uztailaren 3ra, autobusak San Inazioko biribilgunean geratuko dira, hilaren 29an arratsaldeko 15:00etan hasi eta uztailaren 3ko gauera arte. Hilaren 4tik aurrera, ohiko geltokia berreskuratuko du.