Ohi bezala, aurten jaiak astelehen gauean amaitu direnez, asteartez ekin zaio NOAUA! Kultur Elkarteak eta Usurbilgo Udalak antolaturiko Udajolasi. Inoizko parte hartzaile gehien izango ditu aurtengo edizioak; 200 partaideko muga gainditu da, 4-12 urte arteko 209 gaztetxok izena eman du aurtengoan. Izen-emate datuak zikloka xehatzen baditugu, Haur Hezkuntzatik 74 izan dira izena eman dutenak, 135 Lehen Hezkuntzatik. Haur Hezkuntzan hamaika talde osatu dira eta 12 laguneko lan taldea. 14 talde Lehen Hezkuntzan, hamasei laguneko taldea arituko da haiekin lanean. Haiek guztiak dituzue albiste honi atxikitako irudian.
Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) eskainitako formazioa jaso dute asteotan, besteak beste, etorri berriekin bertako hizkuntzan nola sartu, hori dena kudeatzeko. Hain zuzen, Udajolas udako aisialdi eremuan, lagunartean euskaraz bizitzeko sortua da. Etorri berrientzat lagunartean geure hizkuntzan trebatzen eta bertako bizimoduan murgiltzen hasteko Udajolasen baliagarritasuna nabarmendu dute antolatzaileek. Horrez gain, aisialdiko jarduerok haurren bizi-kalitate eta garapenean duten garrantziaz ere ohartarazi dute. Ildo horretan, Zirimara martxan jarri zenetik, "norabide eta balore berdinetan" lerrokatzen ahalegintzen ari dira urteotan Udajolas ere.
Txangoak ostegunetan
Jaien biharamuna izan arren, aisialdiko uda parteko ekimen hau abiarazteko gogotsu zen lan taldea astearte goiz honetan. Bistan denez, gainera, hezitzaileen kopurua, haurrenaren pare, nabarmen handitu da; 30eko taldea osatu da aurtengoan, ia denak usurbildarrak. Egun horretan hasi eta hilaren 28ra arte eskainiko da zerbitzu hau, astelehenetik ostiralera, goizez eta lau orduz, 9:30-13:30 artean, ostegunetan izan ezik. Asteko laugarren egunean, egun osoko irteerak egingo dituzte, eta arratsaldeko 16:30ak aldera amaituko da Udajolas.
Antolakuntzatik haurrak garaiz heltzea eskatu dute goizean eta Udajolas amaitzerakoan pertsona bera joatea haurren bila eta aldaketarik balego jakinaraztea. Udajolasera joan ezin dutenetan ere ohartarazi antolakuntzari. Beste edozein zalantza edo kezka izanez gero ere gauza bera egiteko deia egin dute. Covid19ak eragindako osasun krisialdi garaian izandako murrizketen harira, talde bakoitzarentzat harrera gune ezberdin bat finkatzen hasi ziren. Aurten ere ohitura horri segida emango diote.
Azkenik, hilabete amaieran galdetegi bat helaraziko zaie gurasoei. "Eskertuko da betetzea", galdegin dute antolazaileek berriki Sutegin egin duten guraso bileran.