Asfaltatze lanei ekin die Udalak jaien biharamunean

Noaua Aldizkaria 2023ko uzt. 4a, 07:03

Aurreko astean iragarri moduan, hainbat herri lanei ekin die Usurbilgo Udalak. Kale Nagusia, esaterako, itxita dago ibilgailuentzat.

Usurbilgo festak amaituta, egunerokora itzultzeko eguna astearte hau. Atzoko udalerri mailako jai egunaren ondotik, astearte honetan, uztailaren 4an hasita hainbat asfaltatze lan egingo ditu Udalak. Lanok egingo dituzten eremuetako bat Aginagako Intxaurretako autobus geltokia izango da. Gainerako lan guztiak Usurbilgo erdigunean egingo dira eta, adi, modu ezberdinetan bertako joan-etorriei eragingo diete. Batetik, Udalak ohartarazi duenez, Kale Nagusiko 10-35 zenbakien artean "gutxi gorabehera, egingo dituzte lanak, uztailaren 4an bertan. Tarte horretan, ibilgailuek ezingo dute pasatu, eta, beraz, 08:00etarako hustu egin beharko da. Donostia-Zumaia ibilbidea egiten duten autobusak, berriz, San Inazioko biribilgunean geldituko dira, lanek iraun bitartean".

Jaiak amaituta, bestalde, Usurbil Hernanirekin lotzen duen autobus zerbitzuak ohiko geltokia berreskuratu du San Inazio kalean. Baina adi; Oxtapetik sartzerakoan, ezingo du Kale Nagusia zeharkatu asfaltatze lanak egiten ari direlako bertan eta Zubiaurreneatik gora etorriko da egunotan. Ondorioz, "herri barruko ibilbidea aldatu beharko du autobus zerbitzu horrek, eta ohiko geralekuaren parean egin beharko ditu geldialdiak", ohartarazi du Usurbilgo Udalak.

Puntapaxen ere bai
San Inazio kalean ere asfaltatze lanak egin asmo dituzte. "Kale Nagusiko lanak amaitutakoan -litekeena da uztailaren 4an bertan izatea-, San Inazio kalean egingo dituzte asfaltatze lanak, hilerri zaharraren pareko zatian. Autoek bertatik pasatzeko aukera izango dute: langileen bidez bideratuko dute trafikoa".

Lanok amaitutakoan ekingo diete Puntapax kalekoei. "Erdiguneko biribilgunean hasi, eta Puntapax 6B-ra arteko tartean egingo dute lan. Kasu horretan, mozketa txiki batzuk egon daitezke, eta litekeena da ibilbide alternatiboak hartu behar izatea".