Duela bi aste aurreratu zuten musukoak erabiltzeko derrigortasuna kendu egingo zuela laster Espainiako Gobernuak. Madrilgo Osasun Ministerioak eta erkidego autonomoetakoek musukoa erabiltzeko betebeharra kentzea adostu zuten ekainaren 23an.
Astearte honetan Madrilen egin duten Ministroen Kontseiluan covid19ak eragindako pandemia amaitutzat jo eta sudur zein ahoko estalkiak janzteko betebeharra kentzea erabaki du.
Musukoak janzteko betebeharra kentzea erabaki dute bai, baina erabiltzen segitzea aholkatu dute, arnasbideetako infekzioari lotutako sintomaren bat dagoenean, baita osasun zerbitzuetan edota gune soziosanitarioetan edota zaurgarriak diren pertsonekin egoteko. Hauetan guztietan, gaur onarturiko erabakia indarrean jarri arte musukoa erabiltzen segi beharko da. Baita besteak beste, farmazietan ere. Ziurrenik, bihar bertan, uztailaren 5ean argitaratuko du Estatuko Aldizkari Ofizialak Ministroen Kontseiluak gaur hartutako erabakia.
Gogoan izan, 2020. urteaz geroztik, hiru urtez musukoa erabiltzeko betebeharra ezarria egon da. Hasieran ia leku guztietan; egun, aipatu moduan, osasun zerbitzuetan, gune soziosanitarioetan edota farmazietan soilik.