Koronabirusa

Musukorik erabili beharrik ez inon gaurtik

Noaua Aldizkaria 2023ko uzt. 5a, 09:18

Farmazietan, osasun zerbitzu edota gune soziosanitarioetan ez da musukoa erabili beharrik izango gaurtik. Hala erabaki zuen atzo Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluak. Neurria indarrean da asteazken honetako Estatuko Aldizkari Ofizialak kaleratu duenetik.

Ekainaren 23an Espainiako Gobernuko Osasun Ministerioak eta erkidego autonomoetako gobernuek musukoa erabiltzeko derrigortasuna guztiz ezabatzea adostu zuten. Atzo, uztailaren 4an, erabaki hau Ministroen Kontseiluak onartu zuen eta neurri hau, asteazken honetako, hilaren 5eko Estatuko Aldizkari Ofizialak argitaratu duen unetik indarrean da. Honenbestez, 2020tik azken hiru urteotan ezinbestekoa izan dugun ahoaren eta sudurraren estalkia janzteko betebeharra ezabatu berri dute.

Azken aldian, farmazietan, osasun zerbitzuetan (anbulatorioan, ospitaleetan...), edota gune soziosanitarioetan erabili beharra zegoen. Gaurtik aurrera ez. Espainiako Gobernuak amaitutzat eman du ofizialki covid19ak eragindako osasun krisialdia, eta harekin, musukoa erabiltzeko derrigortasuna.

Halere, prebentzio eta kontrol neurriak beharrezkotzat jotzen ditu zaurgarriak direnak babesten segitzeko. Horregatik, garrantzitsutzat jotzen du Madrilgo Gobernuak musukoak erabiltzen segitzea eta baita beharrezko higiene neurriak hartzea arnas aparatuko infekzioren batekin bateragarriak diren sintomak baditugu. Baita, bereziki halakorik gertatuz gero osasun zerbitzuetan edota gune soziosanitarioetan, langile, bisitari edota egoiliarren artean.

Ministroen Kontseiluak hartutako erabakiak ere garrantzitsutzat jotzen du etorkizunean gerta litezkeen osasun krisialdiei ere aurre hartzeko prestatzea. Horretarako zaintza sistema indartzea, baita halakorik gertatuko balitz, une horretarako erantzuteko beharrezko marko estrategikoa indartzea ere.

Hiru urte
2020ko martxoaren 11n Osasunaren Mundu Erakundeak covid19ak eragindako osasun larrialdi egoeran ginela ohartarazi zuen, "pandemia global" baten aurrean gaurko Estatuko Aldizkari Ofizialak gogorarazi duenez.

Handik hiru egunera, Espainiako Gobernuak "alarma egoera" dekretatu eta etxeratze agindua plazaratu zuen. Aste haietatik derrigorrezkoa izan da musukoaren erabilera hiru urteotan. 2021era arte leku gehienetan beharrezkoa zen erabiltzea. Ordutik, pixkanaka neurriak arintzen, eta musukoak erabiltzeko betebeharra kentzen joan dira gradualki. Azken aldi luzean, osasun zerbitzuetan eta gune soziosanitorioetan edota garraio zerbitzuetan zen derrigorrezkoa erabiltzea. Gaurtik aurrera, inon ez. Sintomatikoentzat aholkagarria baino ez da izango.