#U23

Hauteskunde kanpaina ate joka

Noaua Aldizkaria 2023ko uzt. 5a, 11:19

Ostegun gauerdian abiatuko den hauteskunde kanpainako lehen deialdiak iragarri ditu Usurbilgo EHBilduk.

Ezohiko urte garaian biziko dugun hauteskunde kanpaina hastear da. Ostegun gauerdian, ofizialki uztailaren 7an sartuko garen une horretan hasi eta hilaren 21a agurtu arte eragile politikoek datozen Espainiako Gorteetarako hauteskundeetarako herritarren botoa eskatzeko aukera izango dute. 

Usurbila etorrita, festak tarteko, itxuraldatua izan dugu herria azken egunotan. Feriagunea edota Mikel Laboa plazako txosnagunea desmuntatzeko lanetan dabiltzan egunon ondotik, hauteskundeetarako prestatuko da. Ohi bezala, uztailaren 23an herritarren botoa eskatzeko panelak jarriko dituzte ohiko tokietan. Modu horretan emango zaio hasiera, ostegun gauerdian bi astez luzatuko den hauteskunde kanpainari.

Enkartelada eta herri argazkia
Aipatu moduan, hilaren 7an hasi eta uztailaren 21era arte luzatuko den epe horren baitan dagoeneko lehen ekitaldiak iragarri ditu Usurbilgo EHBilduk. Ostiral honetarako hain zuzen. Uztailaren 7an, "hauteskunde kanpaina elkarrekin hasteko gonbidapena" egin du koalizioak. Arratsaldeko 18:00etan enkartelada egitekoa dute kalejiran eta ordubete beranduago, 19:00etan "gure babesa agertzeko herri argazkia izango dugu Mikel Laboa plazan". EHBilduren Kongresurako Gipuzkoako zerrendaburua hain zuzen, herrikidea da; Mertxe Aizpurua Arzallus Usurbilgo alkate ohia, egun koalizioak Madrilgo Diputatuen Kongresuan duen ordezkarietako bat.

Posta bidezko botoa
Gogoan izan, atzotik zabalik dute hala eskatua izan eta beharrezko dokumentazioa jaso dutenek, posta bidez bozkatzeko epea. Uztailaren 13ra arte halere, modalitate honetan botoa ematea eskatzeko aukera izango da Correoseko bulegoetan. 

Egutegia
Uztailaren 13ra arte: posta bidez bozkatzea eskatzeko aukera Correosen.
Uztailak 3-16: posta bidez bozkatzea eskatu dutenek dokumentazioa jasoko dute.
Uztailak 4-20: aurrez hala eskatu dutenek, posta bidez bozkatzeko aukera Correosen. Nortasun agiria aurkeztu beharko da.
Uztailak 7-21: hauteskunde kanpaina.
Uztailak 22: hausnarketarako eguna.
Uztailak 23: bozketa eguna, 9:00-20:00 artean.