Usurbilgo jaiak 2023

"Itzultzeko garaia heldu da"

Noaua Aldizkaria 2023ko uzt. 6a, 09:26

Itxuraz berrituta ikusi ditugu Usurbilgo erraldoi eta buruhandiak igaro berri diren jaiotan. Irudi aldaketatik haratago doa, ordea, eman duten urratsa. "2023ko Santixabel jaietan itzuli da, ofizialki, Usurbilgo Lauburu Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa, indar betez" gainera, festak amaituta sare sozialen bidez zabaldu duten adierazpenean nabarmendu dutenez.

Lau urteko etenaldia gaindituta, gogotsu, indartsu itzuli da Lauburu Usurbilgo Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa. "Gure ibilbidea berrabiarazi dugula adierazi nahi dugu", zabaldu dute sare sozialen bidez.

Honatx argitara eman duten adierazpena osorik:

Itzultzeko garaia heldu da
Lau urte pasatxo igaro dira gure taldearen ibilbidea etetea erabaki genuenetik. Kideen ezintasunak, zalantzaz beteriko egoerak, aurrera egin ezina... Arrazoi ezberdinengatik, bidean ez jarraitzearen hautua egin genuen. Heldutasunetik harturiko erabakia izan zen, denbora luzez hausnarturikoa. Ez dugu uste akatsa izan zenik, momentuak eta egoerak horixe eskatzen zutelako. Egun hartan, Usurbilen izan den Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa ofizial bakarra desagertu zen.

Gerora, beherakada egoera bat bizi izan dute erraldoi eta buruhandiek. 2019ko festak arras ezberdinak izan ziren, baita konpartsako kide ohientzat ere. 2020ko Covid-19ak sorturiko pandemiarekin, ospakizun ofizialak bertan behera geratu ziren bi urtez. Erraldoi eta buruhandien etorkizuna gela beltzera kondenaturik zegoela zirudien.

Zoriak ordea, beste bide batetik eraman ditu gure herriko pertsonaia maitatuenak. Egoeraren hausnarketa eta norabide aldaketa bat egiteko hautua egin zuen Usurbilgo Udalak. Mahai inguruan eseri eta negoziaketa prozesu bat abiatu zen, konpartsaren egitura eta izaera berri bat adosteko. Gauzak honela, 2023ko Santixabel jaietan itzuli da, ofizialki, Usurbilgo Lauburu Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa, indar betez.

Lerro hauen bidez, gure ibilbidea berrabiarazi dugula adierazi nahi dugu. Baina ez hori bakarrik, hainbat erakunde eta pertsonei eskerrak eman nahi genizkioke. Usurbilgo Udala ri, gureganako konfiantza izateagatik. Bereziki, berriki kargua utzi duen Luken Arkarazo kulturako zinegotziari, bera izan baita konpartsaren itzulera gauzatzeko giltzarrietako bat. Zumarte Musika Eskolako trikitilariei, dultzaineroei eta Usurbilgo Txistulari Taldeari, gure emanaldiei musika berezia jartzeagatik. Aurreko egunean parranda eginda ere, erraldoi eta buruhandien azpian izerdi patsetan aritu diren gazteei, eurak direlako konpartsaren oinarria. Xuban eta Markel gaztetxoei, erraldoi txikiak bizkarrean hartuta kalean gora eta behera ibiltzeagatik, gure etorkizuna ziurtatuz. Buruhandiak konpontzeko lan ikaragarria hartu duen Jesus Garcia lagunari, egoera zailetan profesionaltasuna erakutsi duen artistari. Eta batez ere, Usurbilgo herriari, gure segizioetan kaleak betetzeagatik. Maite zaituztegu!

Itzuli gara eta indartsu gatoz!
Gora Usurbilgo Erraldoi eta Buruhandiak!



2023


2022