Abisu horian gaur eta bihar ekaitz arriskuagatik eta tenperatura altuagatik

Noaua Aldizkaria 2023ko uztailaren 6a

Giro ezegonkorra datozen orduotarako geure inguruan. Gipuzkoa barnealdean prezipitazio handiagatik abisu horia izango da indarrean ostegun arratsaldeko 15:00etan hasi eta 21:00ak arte. "Muturreko tenperatura oso altuagatik" abisu horia bihar 13:00-18:00 artean.

Ekaitz arriskua datozen orduotan, bereziki Gipuzkoa barnealdean. " Ordubetean 15 l/m² baino gehiago pila daiteke", ohartarazi du Euskalmet meteorologia agentziak. "Prezipitazio handiagatik" abisu horia ezarri dute ostegun arratsaldeko 15:00etan hasi eta 21:00ak arte. 

Ostiralerako, uztailaren 7rako, bestalde, "muturreko tenperatura oso altuak" tarteko ere, abisu horia izango da indarrean arratsaldeko 13:00an hasi eta 18:00ak arte. 33 graduko tenperatura izan dezakegu eguerdi eta arratsalde partean. 

Usurbilgo iragarpena
Testuinguru honetan, gaur, hilak 6, Usurbilen, "zerua hodeitsu edo oso hodeitsu egongo da, egunaren erdiko orduetan ostarteak zabalduko dira. Zaparrada txiki-ertainak eta trumoitsuak bota ditzake; arratsaldean zenbait lekutan handiak izan daitezke eta txingorra egin dezake. Ipar-ekialdeko haize ahula ibiliko da, arratsaldean tarte biziekin. Ekaitz-guneetan haize-bolada gogorrak izan daitezke. Tenperaturan, aldaketarik ez", ohartarazi du Euskalmet-ek.

Ostiralean, "zerua tarteka hodeitsu egongo da; egunaren bigarren zatian bero-hodeiak ugarituko dira. Egunaren bigarren partean zaparrada ertain eta trumoitsuak bota ditzake. Hego-ekialdeko haize bizia ibiliko da, bolada gogorrekin; arratsaldean haizeak ipar-mendebaldera egingo du. Tenperatura igo egingo da: minimoak gutxi eta maximoak nabarmen".

Larunbatean bai, giro eguzkitsua izatea espero da. "Zerua hodei gutxirekin egongo da, goi-hodeien tarte hodeitsuekin; egunaren bigarren zatian hodeiak ugaritu egingo dira hodeitsu geratu arte. Mendebal-osagaiko haize ahula ibiliko da, tarte biziekin; arratsaldean iparraldetik finkatuko da, ahul-bizia. Tenperatura minimoetan, aldaketarik ez. Tenperatura maximoak gutxi jaitsiko dira".

Informazio eguneratua, hemen: euskalmet.eus