Uztailaren 23ko Espainiako Gorteetarako hauteskundeetarako kanpaina betean gaude ofizialki, bart gauerdiaz geroztik. Hilaren 21era arte deialdi honetara aurkeztu diren eragile politikoek herrikideen bozka eskatzeko aukera izango dute. Gogoan izan, usurbildarrek Gipuzkoa mailako hautagai zerrenden artean hautatu beharko dute. Madrilgo Diputatuen Kongresurako hamahiru hautagai-zerrenda aurkeztu dira Gipuzkoatik. Honako hauek: EHBildu, PSOE, EAJ-PNV, PP, Frente Obrero (FO), PACMA, VOX, Euskadiko Langileen Alderdi Komunistak (ELAK), Aulki Zuriak-Escaños en Blanco, Bidezko Mundurantz (PUM+J), Recortes Cero, Sumar eta Union Cristiano Demócrata Española (UCDE).
Bi gutxiago Senaturako, hamaika eragile lehiatuko dira uztailaren 23an, honako hauek: EHBildu, PSOE, EAJ-PNV, PP, PACMA, VOX, Euskadiko Langileen Alderdi Komunista (PCTE/ELAK), Aulki Zuriak-Escaños en Blanco, Bidezko Mundurantz (PUM+J), Recortes Cero eta Sumar.
EHBilduren lehen ekitaldiak
Usurbilgo EHBilduk hauteskunde kanpainako lehen egun honetarako bi deialdi egin ditu. Uztailaren 7 honetan, arratsaldeko 18:00etan enkartelada antolatu dute kalejiran eta ordubete beranduago, arratsaldeko 19:00etan "gure babesa agertzeko herri argazkia izango dugu Mikel Laboa plazan". EHBilduren Kongresurako Gipuzkoako zerrendaburua hain zuzen, herrikidea da; Mertxe Aizpurua Arzallus Usurbilgo alkate ohia, egun koalizioak Madrilgo Diputatuen Kongresuan duen ordezkarietako bat.
Posta bidezko botoa
Gogoan izan, atzotik zabalik dute hala eskatua izan eta beharrezko dokumentazioa jaso dutenek, posta bidez bozkatzeko epea. Uztailaren 13ra arte halere, modalitate honetan botoa ematea eskatzeko aukera izango da Correoseko bulegoetan.
Egutegia
Uztailaren 13ra arte: posta bidez bozkatzea eskatzeko aukera Correosen.
Uztailak 3-16: posta bidez bozkatzea eskatu dutenek dokumentazioa jasoko dute.
Uztailak 4-20: aurrez hala eskatu dutenek, posta bidez bozkatzeko aukera Correosen. Nortasun agiria aurkeztu beharko da.
Uztailak 7-21: hauteskunde kanpaina.
Uztailak 22: hausnarketarako eguna.
Uztailak 23: bozketa eguna, 9:00-20:00 artean.