Beroagatik eta prezipitazio handiagatik abisu horian

Noaua Aldizkaria 2023ko uztailaren 7a

Abisu hori bikoitza ostiral honetarako. "Muturreko tenperatura oso altuagatik" abisu horian izango gara ostiral arratsaldeko 13:00ean hasi eta 18:00ak arte. Aldi berean, ordea, edozein unetan ekaitza lehertu daiteke. Abisu horian egongo baita, beraz, prezipitazio handiagatik arratsaldeko 15:00etan hasi eta 21:00ak arte.

Bero egingo du ostiral honetan, uztailaren 7an. Hala iragarri du Euskalmet meteorologia agentziak. 33 graduko tenperatura izan dezakegu egunean zehar. Ondorioz, abisu horia ezarri dute. Aldi berean, ekaitza lehertu daiteke datozen orduotan. Horregatik, abisu horia ezarri dute baita "prezipitazio handiagatik". Euskalmet meteorologia agentziaren arabera, "ordubetean 15 l/m² baino gehiago pila daiteke EAEko zenbait tokitan, bereziki ekialdean. Zaparrada ertainak eta trumoitsuak botako ditu eta zenbait lekutan handiak izan daitezke, bereziki ekialdean; zaparradekin batera haize-bolada oso gogorrak izan daitezke eta txingorra bota dezake.

Giro honekin, ostiral honetan, Usurbilen, "hodeiak eta ostarteak. Arratsaldean bero-hodeiak agertuko dira eta ekaitzak jo dezake. Hego-haizea ibiliko da, bolada gogorrekin; arratsaldean ipar-mendebaldera aldatuko da. Tenperatura maximoak nabarmen edo asko igoko dira.".

Larunbatean, hilaren 8an, oskarbi joango zaigu eguna. "Hodeiak eta ostarteak; egunaren erdiko orduetan giroa eguzkitsua izango da. Goizean goiz mendebaldeko haizea ibiliko da, gainerako orduetan iparraldekoa. Tenperatura minimoetan aldaketarik ez edo gutxi igoko dira, maximoak nahikoa edo nabarmen jaitsiko dira".

Igandean, uztailaren 9an, "zerua hodeitsu egongo da, behe-hodeiekin, eta euria egin lezake, batez ere arratsalde-gau partean. Ipar-haizea. Tenperatura minimoetan aldaketarik ez, maximoak gutxi edo nahikoa jaitsiko dira".

Informazio eguneratua hemen; euskalmet.eus