Euskara eta euskaldunok erasotuak

Mobilizatu eta "lege-esparru eraberritua" izateko elkarlanerako deia egin dute

Noaua Aldizkaria 2023ko uzt. 7a, 12:00

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak udalei euskara hutsean jardutea debekatzen dien epaia kaleratu ostean atzo, udalerri euskaldunetako 125 alkate eta hautetsiek salaketa agerraldia egin dute gaur goizean Usurbilgo frontoian. Salaketatik haratago, epaiari erantzun hirukoitza eman diote: batetik, Euskalgintzaren Kontseiluak azaroaren 4an deitutako manifestazioan parte hartuko dutela berretsi dute, epaiaren ondorio praktikoak aztertu eta UEMAko udalen euskalduntzean urrats gehiago ematen segitzeko asmoa agertu dute, eta azkenik, erantzun juridiko gisa, lege-esparru eraberritu bat eraikitzeko elkarlanerako deia egin dute.

Presazkoa, urgentziazkoa zen ostiral honetarako, uztailaren 7rako Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) Usurbilgo frontoian deitu duen agerraldia. Udalerri euskaldunetako 125 alkate eta hautetsi batu ditu hitzorduak, egoeraren larritasunaren adierazle. Hitz gutxitan, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ostegun arratsaldean ezagutzera emandako epaia "kolpe handia" izan dela adierazi dute, "bereziki udalerri euskaldunontzat".

Euskadiko Toki Erakundeen Legearen 6.2 artikulua baliogabetu du aipatu auzitegiak. "Arau horrek aukera ematen die udalei erakunde barruko idatzizko dokumentuak erabat euskaraz egiteko, betiere hizkuntza-eskubideak urratu gabe". Honenbestez, epai honek artikulu hau baliogabetu eta euskara hutsean jardutea eragotzi die Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako udalei. Auzitegi Konstituzionalaren erabakia "inolaz ere onartu ezin dugun atzerakada" gisa definitu dute ostiral goiz honetan Usurbilgo frontoian batu diren hautetsi eta alkateek. Tartean ziren, besteak beste, Usurbilgo udalbatza osatzen duten EHBildu eta EAJ-ko udal ordezkariak, Agurtzane Solaberrieta alkatearekin batera. Baita Buruntzaldeako gainerako udaletako hainbat ordezkari ere, aipatu moduan, Gipuzkoako, Arabako eta Bizkaiko beste hainbat alkate eta hautetsirekin batera.

6.2. artikulua
Epai honen jatorrian VOX dagoela gogorarazi dute, alderdi ultraeskuindar honek duela bi urte, 2019an onarturiko dekretu horren aurka EAEko Auzitegi Nagusian aurkezturiko salaketa. Auzitegi horretako epaileek azken aldian norabide berean hartu dituen beste hainbat erabakirekin egin bezala, kasu honetan ere "dekretuaren oinarriaren aurka" jo zutela gogorarazi dute gaur UEMAren agerraldian, "Udal Legearen aurka" alegia. Inkonstituzionaltzat jo eta honenbestez, atzoko epaia argitara eman zuen Espainiako Auzitegi Konstituzionalera igorri zuten kasu hau. Madriletik heldu da azken orduotan auzi honi lotutako azken erabakia; Udal Legearen 6.2 artikulua baliogabetu du, hizkuntza-eskubideak urratzen direla argudiatuta.  Udalek euskara lehenestea "supremacía exorbitante" gisa definitu du Auzitegi Konstituzionalak. Onartezintzat jo dute udalerri euskaldunetako alkate eta hautetsiek. Aldiz, halakorik egiten dela ukatu egin dute gaurko agerraldian. Are gehiago, "hizkuntza-eskubideak UEMAko udaletan errespetatzen dira gehien", ziurtatu dute.

Gainera, aurrez bazen gai honen inguruko akordio bat ere. Gogorarazi dutenez, Udal Legea onartu zenean Estatuaren Abokatutzak hainbat artikulu auzitan jarri zituen, tartean, azken orduotan baliogabetu dutena. "2017an, ordea, akordioa lortu zuten Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak, legearen interpretazioari buruz, eta hor itxi zen kontua. Hori ezerezean geratu da orain".

"Euskara sustatzeko lege-zimendua higatzen ari dira auzitegiak"
Epaiak ekar ditzakeen ondorioak ere ahotan hartu dituzte gaurko agerraldian. "Udalei eskumena kendu zaien beren barne-funtzionamenduan hizkuntzen erabilera auratzeko, eta muga argi bat ezarri: administrazioan, gaztelaniaren makuluarekin soilik erabil daitekeela euskara". Bestela adierazi nahi izan duten moduan, "gaztelaniaz mugarik gabe egin daiteke; udalek euskaraz egiteko aukera izatea, zinegotzien hizkuntza-eskubideak errespetatuta, hori supremazia dela dio auzitegiak".

Halako epaiak argitaratzea halere, ez dute kontu berritzat jo. "Kutsu bereko" epai bat baino gehiago ezagutu dira azkenaldian. Horrez gain, oroitarazi nahi izan dutenez, UEMAko udalek aurrez gai honi lotutako hainbat arazo izan dituzte. "Aktak euskaraz egiteko debekuak, udalak UEMAn sartzeko trabak... Epaitegien ezpatapean egin genituen urteak".

Oztopo eta debeku guztiok norabide berean kokatu dituzte. "Euskara sustatzeko lege-zimendua higatzen ari dira auzitegiak". Horregatik, UEMAk udalerri euskaldunetan 32 urtez eginiko lan ibilbide luzean onartezintzat jo dute orain "atzerantz hastea". Testuinguru honetan, derrigorrezkotzat jo dute "elkarrekin bat eginda lan egitea".

Elkarlanerako deia
Alor ezberdinetatik hiru modutan erantzungo diote azken orduotan plazaratu den Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren epaiari. Batetik, aski dela adierazteko UEMAk duela aste batzuk bat egin zuen Euskalgintzaren Kontseiluak azaroaren 4an Bilbon deitutako manifestazioarekin eta mobilizazio honetan parte hartuko dutela berretsi dute gaurkoan. Euskararen aurkako erabaki judizialak salatu eta "euskara sustatzeko orube bat" eskatuko dute mobilizazio horretan.

Bigarrenik, epaiak UEMAko udaletan "eragin handia" sortu duela adierazi dute, "atzera egiteko arrisku bizia daukagu" ohartarazi dute. Horregatik, epaiaren "ondorio praktikoak" zeintzuk diren aztertzen ari dira zer pauso eman zehazteko. Halere argi dute, "gure asmoa da UEMAko udalen euskalduntzean pausoak ematen jarraitzea, azken urte luzeetan egindako bidean sakontzea".

Azkenik, epai honek "erantzun juridiko sendoa behar du" nabarmendu dutenez. Horri begira, elkarlanerako deia egin dute. "Egin dezagun bat, lor dezagun euskararen sustapenean urrats erabakigarriak egiteko lege-esparru eraberritu bat".