Espainiako Auzitegi Konstituzionalak udalak euskara hutsez jardutea, euskara lehenestea debekatzen duen epaia kaleratu eta ordu gutxira zabaldu zen sare sozialen bidez gaurko Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) Usurbilgo frontoian deitutako presazko agerraldiaren deialdia.
Ordu gutxiren buruan, udalerri euskaldunetako 125 alkate eta hautetsi batu dira ostiral goiz honetan. Haiekin baita, albistea ezagutu eta hitzorduan parte hartu duten hainbat herrikide ere. Usurbilgoen artean, aipatu moduan, udalbatza osatzen duten EHBildu eta EAJ udal taldeetako ordezkariak ikusi ditugu. Eskualdetik etorritakoak baita, nahiz Euskal Herriko txoko gehiagotatik bertaratu direnak.
Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren epaia salatzeaz gain, honi erantzuteko epaia aztertu eta euskalduntzen bidean urratsak emateko asmoa agertu dute. Horrekin batera, "lege-esparru eraberritu bat" eraikitzeko elkarlanerako deia egin dute. Azkenik, duela aste batzuk bat egin zuten eta gaur berretsi egin dute Euskalgintzaren Kontseiluak azaroaren 4an Bilbon deitu duen manifestazioa. "Euskararen aurkako oldarraldia salatzeko" mobilizazioa izango da. Abokatu, kazetari, unibertsitateko irakasle, sindikatu eta askotariko eragileek bat egin dute deialdiarekin. Tartean, baita UEMAk ere. Kontseiluak hain zuzen, "babes osoa adierazi nahi die gaur Usurbilen agerraldia egin duten udal horietako alkate eta ordezkariei. Ezin da ahaztu, udal eta udalerri horiek trakzio indar ezinbestekoa direla euskararen normalizazio bidean".