Gauerdiaz geroztik abian da Espainiako Gorteak berrituko dituzten uztailaren 23ko hauteskundeetarako kanpaina. Baita Usurbilen ere. Ostiral arratsalde honetan egin du Usurbilgo EHBilduk bi asteko epealdi honetako lehen ekitaldia; herritik barrena enkartelada egin dute, eta segidan, ondoko talde argazkia atera dute Mikel Laboa plazan. Eskuartean, koalizioa bozkatzea eskatzen zuten kartelak zituzten, baita deialdi honetara, Diputatuen Kongresurako eta Senaturako EHBilduk osatu duen hautagai taldea ageri zirenak ere.
Argazkiaren erdigunean, hautagaiotako bat ikus dezakezue; Mertxe Aizpurua Arzallus herrikidea, 2011-15 legealdian Usurbilgo alkatea izandakoa. Azken lau urteotan, Madrilgo Diputatuen Kongresuko EHBilduren ordezkarietako bat izan da. Berriz ere, koalizioaren Gipuzkoako zerrendaburua da uztailaren 23ko deialdi honetarako ere. Ekitaldia noski, EHBilduren hautagai taldeari, eta nola ez, modu berezian herrikide den Aizpuruari babesa adierazteko baliatu dute.
Uztailaren 21era arte luzatuko da abiatu berri den hauteskunde kanpaina.
Posta bidezko botoa
Gogoan izan, hauteskunde kanpainan gauden honetan zabalik dute hilaren 20ra arte baita hala eskatu eta beharrezko dokumentazioa jaso dutenek, postaz bozkatzeko epea Correosen. Gainerakoek, uztailaren 13ra arteko tartea dute oraindik, modalitate honetan botoa ematea galdegiteko. Eskabideak Correoseko bulegora joanda egin daitezke.
Egutegia
Uztailaren 13ra arte: posta bidez bozkatzea eskatzeko aukera Correosen.
Uztailak 3-16: posta bidez bozkatzea eskatu dutenek dokumentazioa jasoko dute.
Uztailak 4-20: aurrez hala eskatu dutenek, posta bidez bozkatzeko aukera Correosen. Nortasun agiria aurkeztu beharko da.
Uztailak 7-21: hauteskunde kanpaina.
Uztailak 22: hausnarketarako eguna.
Uztailak 23: bozketa eguna, 9:00-20:00 artean.