Eguzki plaka gehiago ditu orain Udarregi ikastolak. Usurbilgo Udalak jakinarazi duenez, 58 gehiago jarri ditu DBHko eraikin gorriaren teilatuan. "23,78 Kw-ko potentzia du, eta 33.889,26 eurokoa izan da aurrekontua. Guztira, 124 eguzki plaka daude Udarregiko teilatuan: 66, 2021ean jarriak, eta oraingo 58ak", zehaztu du.
Instalakuntza honi buruzko zenbait argibide ere eman ditu. "Autokontsumo konpartituko instalazioa da Udarregikoa: bertan sortutako energia, ikastola hornitzeko ez ezik, udaletxera, Sutegira, Artzabalera, Zumartera eta Oiardo kiroldegira bideratzen da. Sortutako energia beste eraikinek baliatu ahal izateko, hainbat aukera izaten dira, baina ohikoa instalazioarekiko 500 metroko erradioaren barruan dauden eraikinetara bideratzea izaten da, eta horixe da Udarregiko instalazioaren kasua. Kiroldegiko teilatuan ere badago instalazio fotovoltaikoa: kasu horretan, sortzen duen energia guztia kiroldegiaren beraren kontsumora bideratzen da".