Energia berriztagarrien kooperatiba eratzeko azken urratsak

Noaua Aldizkaria 2023ko uztailaren 10a

Energia berriztagarrien komunitateko talde eragileak udaberrian Potxoenean deitutako bilkura bat.

Plaka fotovoltaikoen instalazio bat lantzen ari dira eta irailean emango dituzte egitasmo honi buruzko xehetasunak.

Udalak energia berriztagarrien inguruko hitzaldi bat antolatu zuen iazko udaberrian. Komunitate bat osatzeko planteamendua ekitaldi horretan bertan egin zen. Geroztik hona, talde eragile bat aritu da lanean eta dagoeneko 30 bazkide batu dira. Komunitate honek kooperatiba izaera hartuko du laster batean eta irailean lehen egitasmoa jarriko dute martxan.

Energia berriztagarrien komunitateko ordezkariak notaritzatik pasa dira baina azken urratsak emango dituzte asteotan, elkartea guztiz legeztatuta gera dadin. Bien bitartean, talde eragileak egitasmo ezberdinak lantzen segitzen du.

Bilerek irekiak izaten jarraituko dute
Iaztik honako bilera denaklibreak izan dira, herritar orori irekiak. Legeztatzearekin batera, bilerak bazkideei zuzenduta egongo dira. “Hala ere, gure bilerek irekiak izaten jarraituko dute”, komunitatetik aditzera eman digutenez. Alegia, bazkideek batzarretara joateko  deialdia jasoko dute baina oraindik bazkide ez direnek edota interesa duten guztiek ateak zabalik izango dituzte.

Elkartearentzako izen eta logotipo bila
Energia berriztagarrien komunitatea formalki osatu orduko, izena eta logotipoa erabakita eduki nahi dituzte. Bazkideei proposamenak egiteko aukera luzatu zaie jada, “baina beste inork proposamenik izango balu, gustura jasoko genuke”. Gauzak ondo, irailerako legeztatze-prozesua amaituta eta elkarte berriaren izena eta logotipoa zehaztuta izango dituzte. Behin lan horiek denak eginda, web orri bat martxan jartzea izango litzateke hurrengo urratsa.

Plaka fotovoltaikoen instalazio bat
Kontu formal hauez harago, energia berriztagarrien komunitateko kideek lehen proiektuak abiarazi nahi
dituzte. Ikasturte berriarekin batera, plaka fotovoltaikoen lehenengo instalazioari ekingo diotela azaldu digute. Egitasmo bat lantzen ari dira eta honi lotutako zertzeladak irailean eskaintzeko asmoa dute: kokagunea, instalazioaren ezaugarriak eta xehetasun teknikoak.

Bazkidetza kanpaina
Usurbilgo energia berriztagarrien komunitatea 30 herritarrek osatzen dute une honetan. Lagun gehiagorako tokia dago, hala ere. Taldea handitzeko xedez, bazkidetza kanpaina bat abiarazteko asmoa dute. Hori ere irailean jarriko dute martxan. Bien bitartean, interesa duen edonork komunitatearen eposta helbidera idatzi dezake: info@ebkusurbil.eus