Errigora hamargarren urtemugari begira

Noaua Aldizkaria 2023ko uzt. 13a, 08:00

Argazkia: Errigora.

Udazkenean hamar urte beteko dituen Errigorak mosaiko erraldoi bat osatu nahi dute hamarkada honetan komunitateko kide izan diren guztion argazkiokin.

Hamar urte beteko ditu udazkenean Errigorak. Hamarkada hau "gure lorpen handiena" balioan jarrita bete nahi dute, "gure komunitatea". Azken orduotan komunitate honetako kideei helarazitako mezuan azaldu dutenez, "sarri aipatzen dugun komunitate horri aurpegia jarri nahi diogu". Horregatik, hamargarren urtemugari begirako mosaiko erraldoia osatu nahi dute komunitate honetako kide guztion argazkiekin. 

Errigoraren deialdia
Kaixo lagun,

2023ko udazkenean 10 urte beteko dira Errigora jaio zenetik. Atzera begiratuta, euskalgintzaren eremuan zein elikadura-burujabetzarenean eta, oro har, herrigintzan, emandako pausu sendoen arrastoa ikus dezakegu, baina gure jaiotzatik 10 urte bete-bete beteko direnean, gure lorpen handiena jarri nahi dugu balioan: gure komunitatea. Sarri aipatzen dugun komunitate horri aurpegia jarri nahi diogu, garenak, izan garenak eta izan nahi dugun guztiak batzeko eta, hamarkada baten ostean, fase berri bati elkarrekin eta indarberrituta ekiteko. Labur esanda, Errigoraren komunitatearen argazki erraldoi batekin ospatu nahi dugu urteurrena udazkeneko kanpainan. 

Zu ere Errigoraren komunitatearen parte zara eta, beraz, pentsatzen dugu Errigora ere badela zure parte. Horregatik, osatu nahi dugun mosaiko erraldoi horretan ager zaitezen nahi genuke eta pentsatzen dugu zeuk ere ez duzula argazkitik kanpo geratu nahi. Nola egin? Oso erraza, bidaliguzu karneteko argazki bat (edozein modutakoa, mugikorrarekin atera berria edo hain ondo agertzen zaren argazki horren kopia) beheko botoian klik eginda.

Mila esker Errigora posible egiteagatik!