Negu partetik ostegun arratsalde girotuak izaten dituzte Artzabalen, bertan antolatzen duten Kultur Poteari esker. Gaurkoan, uztailaren 13an, Dj Zuaitz gonbidatu dute. Arratsaldeko 19:30etan ekingo diote emanaldiari.
Euskararen merezimenduko saria Artzabalentzat
Euskararen merezimenduko saria eskuratu du Artzabal jatetxeak. Jakitea elkartekoen eskutik jaso du aitortza, aste hasiera honetan Adunako Zabala sagardotegian egin duen urteroko sari banaketan. Eredugarritzat jo dute Gure Pakea jubilatu elkarteko jatetxean sustatzen duten euskararen erabilera, bai bere plateren berri ematen duten kartan, sare sozialetan, lan taldean eta bezeroekiko hartuemanetan nahiz antolatzen dituzten ekimenetan...
"Beti da plazerra merezimendu bat jasotzea, nola ez!! Baina gure erreinu txikitik "euskararen errekonozimendu" bat egoteak asko dio non gauden eta nora goazen. Jarraituko dugu euskara sustatzen, baina batez ere hitz egiten, gozatzen eta bizitzen", adierazi dute Artzabal jatetxetik.
2009an sortu zuten Jakitea Elkartea "betiko sukaldaritza, gure betiko euskal sukaldeak sortutako platerak eta bere tradizioari mantentzen dioten sukaldariak indartzeko eta sustatzeko. Aurreko helburuei heltzeko oinarria kalitatezko produktuetan hartzen dugu, gure inguruko ekoizleak, Km 0ko produktuak eta jatorrizko produktuak erabiltzen ditugu".
Aste hasieran Jakiteak Adunan antolaturiko sari banaketan jaso zuen Artzabalek euskararen merezimenduko saria. Jatetxe eta produktu onenaren sariak, kazetaritza gastronomikoa, labeldun eta 0 kilometroaren aldeko apustuak, integrazioa edota elkartasuna saritu zituzten, baita plater, pintxo, koktel tradizional onenak edota Jakitea elkarteko kide den jatetxeetako bat.