Euskal Herriko Mugimendu Feministako hainbat eragileek eta norbanakok zaintza sistema iraultzeko iaztik abian duten Denon Bizitzak Erdigunean izeneko prozesuaren harira, zaintza eskubide kolektiboaren aldeko greba deitu dute azaroaren 30ean. "Zaintza-sistema publiko eta komunitario baten alde aterako gara kalera, zaintza eskubide kolektiboaren alde. Eta hau guztion ardura da", gogorarazi dute deitzaileek.
Formaziorako eta saretzeko
Udalerri honetan dagoeneko maiatzean egin zuten egun horri begirako asanblada osatu eta prestaketa lanak abiatzeko Kafe Tertulia neska* gazteen talde feministak deitutako lehen bilera Potxoenean. Haiekin eta prozesu honekin bat egitera deitu dute. Greba orokor horri begira, gainera, Euskal Herriko Neska* Gazteen Baterajotzea egingo da urriaren 13tik 15era Usurbilen. Apirilean Mikel Laboa plazan aurkeztu zuten ekimenari lotutako bi ohar jakinarazi dituzte azken asteotan. Batetik, Baterajotzerako izen-ematea zabalik dago ehkoneskagazteak.eus atarian, eta herri mailako aurkezpena antolatu dute uztailaren 14rako 19:30ean Mikel Laboa plazan.
Formakuntzarako eta saretzeko espazioa izango da Baterajotzea antolaketa lanetan buru-belarri dabilen Kafe Tertuliako kideen esanetan. Finean, Euskal Herriko neska* gazteen topagune gisa irudikatzen dute hitzordu hau, "Euskal Herri osoan feminismoaren inguruan antolatuak dauden neska* gazteak elkartu, jakintzak partekatu, formatu eta ondo pasatzeko tresna". Horrez gain, militantzia eredu ezberdinak azaleratzeko ere baliagarritzat jotzen dute Baterajotzea. Borroka honetan modu jarraituan lanean ari diren eragileez gain, "Baterajotzea militantzia hori une puntual batean erakusteko eta asetzeko momentua ere bada. Egun zehatzetan antolatzen den jendearentzako ere oso aukera polita, esan bezala".
Nahieran bizitzeko deia
Eduki eskaintza zabala izango du hitzorduak. Parte hartzaile bakoitzak nahieran, "interesen arabera" antolatu ahalko du urriko asteburu hori. "Aukera ederra izango da zure interesetatik abiatuta, zure egitarau propioa osatzekoa". Era berean, "izugarrizko indarra, ikusgarritasuna emango die herrietako talde feministei", azpimarratu dute. Aurretik egin izan den ekimen honetan parte hartu dute baita Kafe Tertuliako kideek. "Borroka honetan aurrera jarraitzeko gogoa eta indarra ematen du. Gainera, oso ondo pasatzen duzu". Elizondon egin zen aurreko edizioa, aurtengoan, aipatu moduan, Usurbilen.
Herritar oro aurkezpenera gonbidatua
Euskal Herriko talde feministen sare horretan da Usurbilgo Kafe Tertulia. Baterajotzea antolatzeko azpiegituren batzordean dabil lanean. Lan handia suposatuko dien arren, "gogotsu hartu dugun erronka bat da". Azaldu digutenez, "Usurbilen eta Buruntzaldea mailan ekimena gizarteratzen eta harremantze lanetan gabiltza" eragile ezberdinekin. Haien parte hartzea sustatu nahi dute, baita Usurbilgoen artean ere. Argi diote, "herriak zeresan handia izango du" hitzordu honetan, "eskuhartze bat izango du Usurbilek". Horregatik deitu dute hilaren 14ko herri mailako aurkezpena. "Herritar oro gonbidatu nahi dugu aurkezpen honetara, herrira zer datorren ezagutu dezan". Bertan, "herriak nola eman diezaiokeen zerbait Baterajotzeari eta Baterajotzeak zer emango dion herriari ulertzeko momentua izango da".
Xehetasun gehiago, aurrerago
Uztailaren 14ko herri aurkezpenaren ondotik, xehetasun gehiago ematen jarraituko dute hurrengo hilabeteotan. "Aurrerago joango gara zalantzak argitzen", Kafe Tertuliatik ohartarazi dutenez. Momentuz, honako gonbita egin dute. "Neska* gazte asko apuntatuko dira Usurbildik. Animatu!".