Pentsio duinak aldarrikatzeko deia larunbatean

Noaua Aldizkaria 2023ko uzt. 14a, 10:51

Mobilizaziorako deia egin du Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak larunbat honetan, uztailaren 15ean Donostian.

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak mobilizaziorako deia egin du larunbat honetarako, uztailaren 15erako. Manifestazioa 12:00etan abiatuko da Donostiako Alderdi Ederretik. 1.080 euroko gutxieneko pentsioa, genero-arrakalak ezabatu edota alarguntasunaren %100 bermatzea eskatuko dute, “berdin dio nork gobernatu, pentsioak defendatu” aldarripean.

Mugimendu honetatik ekaina hasieran salatu zutenez, "geroz eta premiazkoagoa da soldatak eta pentsioak bizitza-kostuaren benetako hazkundearekin bat etortzea. Eta, jakina, 1.080 euroko gutxeneko pentsioa lortzea atzeraezina da Hego Euskal Herriko 219.000 pentsiodunentzat eta Estatu osoko 4 milioi pentsiodunentzat".

Adibide gisa aipatu zutenez, "KPIaren eta erosketa-saskiaren igoeraren datuaren arteko aldeak handia izaten jarraitzen du. Eta hori ezkutatzen saiatzen ari dira, egoera ekonomikoa hobetzen ari dela nabarmendu dute, KPIa motelduz doalako, biztanle gehienei eragiten dien oinarrizko kontsumo-produktuen hazkundeak dakarren arazo larria aipatu gabe". Hain zuzen, "biztanle gehienen diru-sarreren zatirik handiena bizitzeko oinarrizko produktuen gastuetara bideratuta dago. Azken horien igoera eta soldaten zein pentsioen igoeraren arteko aldeak murrizketa dakar jendearen erosteko ahalmenean, eta ondorioz pobrezia gero eta jende gehiagorengana zabaltzen ari da", ohartarazi dute.