650 Usurbil Bizi

"Usurbil Museo Irekia" bisita gidatuak asteburuan, igandekoa Zumeta estudioraino

Noaua Aldizkaria 2023ko uzt. 14a, 08:35

Herriko kaleetako kultur altxorrak ezagutzeko aukera izaten segiko dugu udako asteburuetan. Igande honetan, gainera, Zumeta estudioko barrunbeak ikusi ahalko dira.

"Usurbil Museo Irekia" ekimenak segida izango du orain arte bezala, udako asteburuetan. Larunbat eta igande eguerdietan, udalerri honetako kaleetan dauden altxorrak ezagutzeko aukera aparta izango dute herrikideek nahiz gure artera bisitan datozenek. Herri ondarean barrena bidaiatzeko eskaintza honetan, osagai berri bat txertatuko dute bitan; Txikierdiko Zumeta estudioa barrutik bisitatzeko aukera, Jose Luisen alaba Usoaren azalpenekin. Kasu honetan bi orduko bisita izango da, gainerakoak ordubetekoak. Lehenengoa, igande honetan, uztailaren 16an. Hitzorduotarako izena aurrez, 650usurbilbizi.eus/agenda/ atarian eman daiteke.


"Usurbil Museo Irekia"
Egunak: larunbat eta igandero, baita jai egunetan ere (uztailaren 24an, 31n eta abuztuaren 15ean)
Ordua: 11:00-13:00 (uztailaren 16an eta abuztuaren 19an). Gainerako bisitak, 12:00-13:00 artean.
Tokia: Sutegi.
Zehaztasunak: "Usurbil beti izan da Euskal Herriko kultur-gune erreferentzialetako bat eta bere lekua irabazi du Euskal Herriko kulturaren mapan. Usurbilera baldin bazatoz bere kaleetan murgiltzea eta paseatzea nahikoa izango duzu edonora eta begiratu eta artelan bat aurkitzeko. Kalean, plazetan, hormetan… Lehengo zein oraingo izen handiko sortzaileen lanak eta ondare aztarnak non nahi izango dituzu zure begiradaren zain. Gida baten laguntzaz ezagutu ahalko dituzu artelan hauek guztiak ordubeteko bisita gidatuan". 
Izen-ematea:  650usurbilbizi.eus atarian.
Gehienezko bisita kopurua: 14.
Informazio gehiago: 650usurbilbizi.eus 
Antolatzailea: 650 Usurbil Bizi.