#U23

Posta bidez bozkatzeko Correoseko bulegoa gaur ere zabalik

Noaua Aldizkaria 2023ko uzt. 15a, 09:15

Larunbatetan itxita egoten den arren, 14:00ak arte zabalik izango da gaur Correoseko bulegoa.

Uztailaren 23ko Espainiako Gorteetarako hauteskundeak eragiten ari zaien gainkargagatik irekiera ordutegia zabaltzea erabaki du Correosek Gipuzkoako 38 bulegoetan. Arratsaldez zabaltzen dutenek ordu tarte luzeagoan irekita izatea erabaki dute. Horrez gain, bulego guztiok larunbat honetan, uztailaren 15ean, goizez ere zerbitzua eskaintzen segitzea erabaki dute.

Usurbilgo Correos, dakizuenez, goizez zabaltzen dute astelehenetik ostiralera, 8:30etan hasi eta 14:30ak arte. Baina oraingoan, larunbat honetan, uztailaren 15ean ireki egingo dute Mikel Laboa plazako egoitza, goizeko 9:00etan hasi eta arratsaldeko 14:00ak arte, bost orduz beraz, argitu dutenez, "posta bidezko botoaren kudeaketa egiteko" izango da. 

Eskabidea egin eta modalitate honetan botoa emateko beharrezko dokumentazioa jaso dutenek,  astebeteko tartea dute, hilaren 20ra arte bozkatzeko. Jada ezin da modu honetan bozkatzeko eskabidea egin.

Ez da lehen aldia
Ezohikoa izango da larunbat goizean zabalik aurkitzea Correoseko bulegoa, posta bidezko botoa emateko, baina ez da lehenengo aldia izango. Covid19ak eragindako osasun krisialdi betean ginela, 2020ko uztailaren 12an egin ziren Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan ere, kasu hartan, hauteslekuetan jende pilaketak saihestu eta posta bidezko botoa sustatzeko arreta zerbitzua indartzea erabaki zuen orduan ere Correosek. Larunbat goizetan zabaltzeaz gain, astetartean ere zenbait arratsaldeetan ireki zuten Usurbilgo posta bulegoa.