Herritik herriarentzat 1977an sortu eta lanean jardundako Egin egunkaria eta irratia bortizki isilarazi zituztenetik 25 urte bete dira gaur. 1998ko uztailaren 15ean izan zen. Hedabideotako Hernaniko egoitza nagusian nahiz gainera delegazioetan sartu zen Espainiako Polizia eta gune guztiok itxi zituen Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz. Egin argitaratzen zuen Orain S.A. enpresako hainbat kide atxilotu eta espetxeratu zituzten. Atzera bueltarik izan ez zuen erasotik urte batzuetara, egiten zuten lanaren zilegitasuna aitortu zuten 1998an kontrakoa zioten auzitegiek.
Lan uztea, manifestazioa, mozioa...
Haserre eta elkartasun uholdea eragin zuen bidegabekeria hark. Besteak beste, adierazpen edota informazio eskubideen aurkako eraso hark Euskal Herria geldiarazi zuen hilabete haietan, baita Usurbil ere. "Egin egunkari eta irratiko langileek, sindikatu batzuen laguntzaz, uztailaren 23an 11:OOetatik 13.00etara deitutako geldialdiak erantzun zabala izan zuen Usurbilen", jaso duen duela 25 urte hedabide honek.
"Herriko taberna eta denda gehienek beren ateak itxi zituzten eta bi ordu horietan inguruko lantegietan lanuztea egin zuten langileak ere asko izan ziren. Eguerdiko 12.OOetan, Egin egunkaria eta Egin irratia zabal ditzaten eskatzeko manifestazioa egin zen herriko kaleetan zehar". Bezperan, ezohiko osoko udalbatzarra egin zuten Usurbilgo udaletxean. "Herri Batasunak Eginen zabaltzea eskatuz aurkeztu zuen mozioa onartu zen".
Itxieraren aurka
NOAUA! Kultur Elkarteko zuzendaritza batzordeak ere bat egin zuen itxiera honen aurka altxatu zen herriarekin. Garai hartan hamaboskaria zen aldizkarian, "Gu ere EGin-ekin" izeneko idatzia kaleratu zuten. Halaxe zioen: "Noaua! Kultur Elkarteko juntak eta Noaua! aldizkariko kazetariek ondorengo arrazoiengatik Egin egunkaria eta Egin irratiari gure elkartasuna adierazi nahi diegu: Administrazio kontseilu bateko kide batzuri leporatutako balizko delituengatik komunikabide bat ixtea ez dela bidezkoa irizten dugu, pertsona fisiko batzuen ustezko jardunak eta komunikabidearen funtzionamendua bereiztu behar baitira".
Horren haritik, "adierazpen askatasuna giza eskubide bat izanik, komunikabide hau ixteko erabakiak eskubide hori ez errespetatzea dakar, hainbat pertsonari informazioa jasotzeko bide bat itxi zaiolako. Horrelako neurri larriek gatazka areagotu besterik ez dute egiten eta".
"Usurbil informatuz"
Adierazpen eta salaketa mezu eta mobilizazioez gain, proiektu komunikatibo berria martxan jartzen laguntzeko dinamika gehiago ere abiarazi ziren. Gerora, Euskaldunon Egunkariaren itxierarekin gertatu zen moduan, "Euskadi información" izeneko egunkaria argitaratzen hasi ziren zituzten baliabide eskasekin, Gara sortu arte, asteartetik igandera. Astelehenetan ez. Hutsune hori betetze aldera, herri honetan, astelehenero "Usurbil informatuz" kaleratzen hasi ziren zortzi hilabete lehenago osatu zen "Hitz egin plataforma"-ren eskutik. "Astelehenetako hutsunea, herriko, Euskal Herriko eta nazioarteko berriez betetzeaz gain, egunkari berria ateratzeko lortu behar diren 1000 milioi ateratzen laguntzea da gure asmoa", adierazi dioten NOAUA!ri herri bilgune hartatik. Diru kopuru hartatik 8,5 milioi pezeta Usurbilen eskuratzeko erronka jarri zuten, akzioen erosketaren formula baliatuta.
Itxiera hark, gainera, besteak beste, 210 langile kale gorrian utzi zituen, tartean zenbait herrikide. Haietako bat elkarrizketatu zuen orduko NOAUA!k; Inaxio Usarralde. Lerrootan duzue:
Honelako ekintzarik espero al zenuten?
Ez genuen horrelakorik espero. Aurretik zenbait operazio izan zirenean zerbait komentatzen genuen, baina itxi egingo zutenik ez zitzaigun inondik inora burutik pasa. Sorpresa izan da, batez ere honen guztiaren inguruan egin duten muntaia. Operazio polizial hutsa izan da, eta orain, justiziaren estalki horrekin nolabait disimulatu nahian dabiltza. Ixtea harrigarria izan da. Itxi egin nahi zuten, itxi dute eta orain errudun batzuk bilatu behar dituzte eta hor daude zortzi pertsona kartzelan. Argi dago: egin egunkariak eta irratiak enbarazu egiten zuten eta sektore zabal bat ixildu nahi izan dute.
la bi hilabete pasa ondoren Eginek itxita jarraitzen du eta horrela jarraituko du Garzonek abuztuaren 31n emandako autoaren arabera.
Prozesu honetan ikusten ari garen bidegabekeria eta irregulartasun guztiak gutxi balira, oraingo honetan Egineko abokatuek aurkeztutako errekurtso bati erantzunez dator errekurtsoa atzera botatzea. Abokatuek jakin aurretik filtratu egin dute autoa. Horrez gain, autoan ez du inolako datu zehatzik ematen. Zuzenean Egineko ikerketa taldera jotzen da eta nik zera gogoratu nahi dut: talde honek emandako informazioa gezurra denik oraindik ezin izan dute fogatu. Pepe Rei ere absolbitu egin zuten eta!
Zein da Egineko langileen egoera momentu honetan?
Egoera larria, kale gorrian gelditu baikara. Hala ere gauza bat argi daukagu: Egin egunkaria eta irratiaren historia amaitu da, baina berri bat etorriko da. Egineko langileak 3 enpresetan banatuta geunden: Lema 2000, Hernani inprimategia eta Orain S.A. Bi lehenengotako langileek ez dute langabezia kobratzen hasteko arazorik izan sede soziala Gipuzkoan baitzuten. Guri berriz, Orain S.A.ko langileei ez digute langabezia kobratzen utzi nahi. Bi elkarte autonomotako langileak gaudenez, Gipuzkoa eta Nafarroakoak, Madrileko lan ordezkaritzak erabaki behar zuen expedientea onartu edo ez. Gasteizko lan sailak, lau hiriburutako lan sailek, enpresak eta komiteak aldeko erabakia eman zuten, baina Madrilekoak hartzen duenez erabakia, honek atzera bota eta guk ezin dugu langabezia kobratu. 18-20 urtez kotizatu duen jendea badago. Dirua kentzen zigutenean ez ginen gaiztoak eta ordaindu behar digutenean gaiztoak gara? Gurea den zerbait eskatzen ari gara eta lortuko dugu.