Azaroaren 30erako Euskal Herriko Mugimendu Feministak deitua duen zaintza greba orokorraren aurretik, horri begira, Usurbilen bilduko dira urriaren 13tik 15era Euskal Herriko Neska* Gazteak, Baterajotzea topaleku feministaren bueltan. Hitzordu hau aurkezteko herri mailako aurkezpena egin dute ostiral honetan Mikel Laboa plazan.
Azaldu dutenez, "zaintza sistema iraultzearen proposamen erradikala mahaigaineratu dugu, greba feminista orokor baterako deia eginez, zaintza eskubidea izatea eta lan honen gaineko erabaki gaitasun kolektiboak edukitzea exijituz. Jada, hasi gara grebaren antolaketan auzo eta herrietan. Ordea, jakin badakigu gazteok beharrezko dugula antolaketa propio bat ere. Gure beharrek eta proposamenek tokia izan dezaten, mundu ikuskera propioa zabaldu dezagun eta iritzi sortzaile izan gaitezen. Indartsu gaude eta espazio propioak behar ditugu. Horregatik, grebaren aurretik Euskal Herriko gazte feministontzat espazio bat sortuko dugu. Baterajotze berri batera goaz, dugun potentzialtasuna artikulatu, norabidetu eta nola kristalizatu erabakitzeko Usurbilen elkartuko gara urriaren 13an, 14an eta 15ean".
Azaroaren 30eko deialdira begira hain zuzen, ezinbestekotzat jotzen dutenez zaintzaren gaia erdigunean jartzea, "Baterajotzeak horren inguruan hausnartzeko espazioa emango digu, zaintza grebaren inguruko eztabaida eta gako diskurtsiboak lantzea ahalbidetuz".
"Euskal Herriko neska* gazteok gure herriarekin dugun konpromisoa adierazi nahi dugu"
Zorteduntzat eta esker oneko agertu dira, "horrelako dimentsioa duen egitasmoa egiteko gure herria hautatu dutelako, beharrezkoa da gugan jarri duten konfiantza". Baterajotzea Usurbila ekartzeak "ezinbesteko diren kontzientzia eta baliabideak ditugunaren seinale dira". Iragarri dutenez, "izugarrizko ekarpena egingo dio herriari. Batetik, herriko neska* gazteok topaguneak eskainiko dituen formakuntzak jasoko ditugu. Gure artean saretu eta aisialdi osasuntsu eta feministaz gozatzeko aukera izango dugu".
Gainera, herriko neska* gazte gehiago bertan parte hartzera animatuko direlakoan daude. Orohar, "feminista den emakume orok ere egitarauaz gozatzeko aukera izango du. Beraz, ez izan zalantzarik asteburuan zehar gurera batzeko".
Horrez gain, aurreikusi dutenez, "Baterajotzeak Usurbilen antolatzeak herri mugimenduan eragin positiboa izango du, hau aktibatuz eta militantzia esparruak mobilizatuz". Modu batean zein bestean, "Euskal Herriko neska* gazteok gure herriarekin dugun konpromisoa adierazi nahi dugu, herrian zaintzeko konpromisoa, marko ideologiko interesgarri bat eraiki eta arduraz jokatzeko".
Tokiko merkataritza eta ekoizpenaren aldeko apustua egingo dutela iragarri dute; "bertako produktuak kontsumitzeko apustua egingo dugu. Hau honela, bertan kontsumitzen herriari ekarpena egin nahi diogu era xume batean. Aisialdi eskaintza egongo denez, Baterajotzeko partaideek, txoznaz gain, herriko tabernetan, kafetegietan kontsumituko dute. Honek ekonomikoki eragin positiboa izango du herriko ostalaritzan". Horregatik, hiru egunez Usurbilen egingo den ekimen honi "babestea eskatzen dizuegu, eta orain arte izaten ari den moduan, behar zehatzak ditugunean laguntza ematea".
"Babestu dezagun herria feminismoz bustiko duen Baterajotzea"
Hori guztia aipatuta, herriko neska* gazte eta emakumeak deitu dituzte parte hartzera, "era honetako asteburu polit eta aberasgarri bat elkarrekin ospatu nahi dugulako eta guretzako hain aberasgarriak izan diren espazioak zuekin partekatu nahi ditugulako".
Topagune feminista hau babesteko egin digute denoi. "Segi dezagun lanean herritarroi eta feminismoari hainbeste emango digun topagune honen alde. Guztion bizitzen alde babestu dezagun herria feminismoz bustiko duen Baterajotzea. Egin dezagun denon elkargunea eta animatu neskak! Milaka gara auzo eta herrietan lanean ari garen neska* gazteak eta beste mundu bat posible dela sinetsi eta hau eraikitzeko borrokan gaudenak. Baliatu dezagun potentzitaltasun hau utopiak gaurdanik eraikitzen hasteko, eta horretarako, bidean greba orokor feminista inoiz indartsuena izan dadin. Utopiak lehertzeraino neska gazteok baterajotzera!".
Aurrekariak
Usurbilgo Baterajotzearen sustatzailea Euskal Herriko Neska* Gazteak dira, herri edo eskualdeetan dauden bilgune ezberdinek osaturiko sarea. "Hainbat behar eta kezkek bultzatuta sortu genuen sarea, herrialde ezberdinetako neska* gazte batzuen artean", batetik, "subjektu politikoa ezaugarritu eta neska* gazteon problematika zehatzak mahaigaineratzeko beharra sentitzen genuen. Bestetik, neska* gazteon arteko saretzea emateko eta gure problematikei erantzuteko planteamendu eta egitasmo komunak garatuko zituen marko bat beharrezkoa zela baloratzen genuen".
Bi helburuok ardatz hartuta, Mikel Laboa plazako aurkezpenean gogorarazi zutenez, "neska* gazteon harremanak sendotu eta sarea ehuntzen joan izan gara hainbat egitasmori bide emanez" 2016tik. Urte hartan, "Gazte Eraiki gazte mugimenduen topaketetan feminismo ildoan herri desberdinetako feministak ezagutu, antolatu eta proiektu berriak marrazteko aukera izan genuen". 2017an eta 2018an lehen udaleku feministak egin zituzten Ozaetan. 2019an Lizarran elkartu ostean, 2021ean, Usurbilen urrian egingo den bigarren edizioaren aurrekaria izango den lehen Baterajotzea egin zuten Elizondon.