Badator Euskal Herriko Neska* Gazteen topaketa feminista; urriaren 13tik 15era egingo da Baterajotzea Usurbilen. Ostiral honetan, herrira datorrena usurbildarrekin partekatzeko agerraldia egin dute deitzaileek. Dantza, musika, jan-edana, irudi, soinu eta margolanez jantzi dute hitzordua.
"Oso eskertuta gaude herritarren aldetik jasotzen ari garen babes eta laguntzaz", eskertu dute. Datorrenari begirako prestaketa lan betean dira. Hemen, momentuz, aurreikusi dituzten datozen hitzorduak. Adi egoteko deia egin dute.
Izen-ematea zabalik
Baterajotzerako izen-ematea zabalik dutela berri eman dute antolatzaileek. Inskripzioak ehkoneskagazteak.eus atarian bideratu beharko dira.
Deialdi gehiago urrira bitarte
Baterajotzearen aurretik, ordura arte "egingo ditugun deialdi eta ekintzetara" adi egoteko eskatu dute antolatzaileek.
Baterajotzea
Urriaren 13tik 15era egingo da Usurbilen. Formakuntza saioak, aisialdi ekimenak... izango dira ehunka neska* gazte batuko dituen hiru eguneko ekimenean.
Greba feminista orokorra
Usurbilgo Baterajotzea, Euskal Herriko Mugimendu Feministak azaroaren 30erako iragarri duen greba feministari begirako ekimenetako bat izango da. Zaintza eskubide kolektiboaren aldeko deialdia da honakoa "zaintza sistema aldatzea, dena aldatzea delako". Horregatik, "zaintza-sistema publiko eta komunitario baten alde aterako gara kalera, zaintza eskubide kolektiboaren alde".