Denborak aurrera egin ahala larriagotzen doa osasungintza publikoak bizi duen egoera. Are gehiago, uda garai honetan. Haserre baina batez ere kezkatuta plazaratu dira larunbat eguerdi honetan, inguruotako profesional eta herritarrak biltzen dituen zenbait herri plataforma (Donostialdeako eta Tolosaldeako Osasun Publikoaren Alde eta Olatu Txuria) Donostiako Amara Berri anbulatorio atarian. Hamaika murrizketa aplikatu dituzte dagoeneko anbulatorioetan, eta uda honetan, langileen kopurua are gehiago gutxitzea erabaki du Eusko Jaurlaritzak, hainbat osasun-etxe itxi edo beste hainbatetan jendaurreko zerbitzuari eskainitako ordu kopurua are gehiago mugatzearekin batera.
Ondorioa argia da, Donostialdeako eta Tolosaldeako Osasun Publikoaren Alde eta Olatu Txuria plataformen esanetan; "arretaren kalitatea kaskartu egin da". Eta hori hala izaten ari dela argitzeko, zenbait adibide nabarmendu dituzte larunbat eguerdi honetako mobilizazioan. "Esate baterako, Ondarreta osasun zentroan arratsaldeko txandako zortzi sendagiletik bi ari dira lanean. Beste adibide bat; ospitaletik kanpo, Donostialdeako larrialdi zerbitzuetan (Zarautzen, Donostian, Hernanin eta Oreretan), sendagile jardunaldi asko, 420 inguru bete gabe geratu dira".
Erizainak medikuen ordez
Sendagile kopurua nabarmen murriztuta, argi diote zer egiten ari diren. "Kasu hauetan kudeatzaileek sendagileak jarri beharrean erizainak ezartzen dituzte". Baina noski, eta hemen dator egoera are gehiago larriagotzen ari den kontua; "guk erizainok ezin dugula sendagile baten lana garatu legalki noski".
Eta hori hala gertatzen ari da, besteak beste, aipatu duten moduan, eskualde honetan bertan. Adibidez, usurbildarrek larrialdi egoeretan, ospitalera joateko aukera izateaz gain, Hernaniko etengabeko lehen arreta zerbitzura jo dezakete. Baina, behin baino gehiagotan nabarmendu duten moduan, guneotan eta baita anbulatorioetan ere, "Lehen Arretan eta etengabeko arreta guneetan medikuak kentzen ari dira" eta haien partez, "erizainak jartzen ari dira", jakinik haiek ezin dutela sendagileei dagokien lana egin.
Honenbestez, lan taldeetan ez soilik murrizketarik ez egitea, herritarrontzako behar adina mediku izatea exijitu dute gaurko protesta ekintzan. Mediku falta dagoenik gezurtatu dute. Honenbestez, behar duten profesionalek dagokien atsedenaldia hartu eta beharrezko ordezko sendagile guztiak izatea eskatu dute. Eta noski, herritarrek jaso beharreko arreta guztiz aurrez aurrekoa, presentziala izatea galdegin dute. Hori da "denok nahi duguna". Eta faltan medikuak ez, baliabideen kudeaketa on bat falta dela salatu dute. Osasun zerbitzu publiko duin, kaliatezkoa, unibertsala eta euskalduna aldarrikatu dute.
"Mesedez, murrizketarik ez!"
Mobilizazioan zehar, osasungintza publikoko profesionalez gain, herritarrek ere hartu dute hitza, aski dela esateko. "Ezin da gure eta guztion diruarekin horrelako kudeaketa kaxkarra, negargarria eta eskasa egin. Mesedez, murrizketarik ez!". Bihotzez eskertu nahi izan ditu osasungintza publikoko langileak, "nirekin izan duten arreta, gogo hori ni zaintzeko, ni sendatzeko". Egunetik egunera, osasun sistema publikoaren egoera okerrera nola egiten ari den ikusten ari dela adierazi du, profesionalak "geroz eta lanpetuago, benetan estu, lana nahi duten moduan, ondo egiteko".
Horregatik, zioenez, "estimatzen dut arreta eta zaintza hori eman didaten bezala, estimatzen diet egiten duten ahalegina zutik jartzea" Osakidetzak egun bizi duen egoera salatzeko.