Uztaileko ohiko osoko bilkura ostegun honetan egingo da

Noaua Aldizkaria 2023ko uzt. 20a, 09:00

Ostegun honetara aurreratu dute hilabete honi dagokion osoko bilkura. Haur Eskola, iazko Kontu Orokorra edota batzorde informatzaileen osaketa hartuko dute ahotan udal ordezkariek.

Urtero legez, hilero azken ostegunetan izaten den osoko bilkura astebete aurreratu dute oraingoan. Uztailari dagokiona, beraz, hiru egun barru, hilaren 20an izango da, arratsaldeko 18:00etan. Usurbilgo Udalak jakinarazi du zer nolako gaiak hartuko dituzten ahotan udal ordezkariek. Batetik, legealdi berrirako udal barruan osatu dituzten batzorde informatzaileen berri emango dute. Gogoan izan, datozen lau urteotarako barne-antolaketa malgutzearen aldeko apustua egin dute. Hamaika ziren aurreko 2019-23 legealdian osatuak zituzten batzordeak, hirura murriztu dituzte; lurraldea, herritarrak eta antolaketa izenekoetara.

Haur Eskolaren kuotak
Bestetik, udaberri honetan Usurbilen hizpide izan den Haur Eskolaren doakotasunaren gaia hartuko dute ahotan ostegun honetako osoko bilkuran. Gogoan izan, Eusko Jaurlaritzak Haur Eskolak irailetik aurrera doakoak izango zirela iragarri zuen, Usurbilgo eta udal titulartasuneko EAEko gainerako 12 eskolen finantziazioa bermatu gabe, eskumena Jaurlaritzarena izan arren.

Apirilean Sutegin deitutako bileran udal gobernu taldeak gurasoek ordaintzen zuten kuotaren %62aren finantzaketa Udalak bere gain hartzea erabaki zuen. Horretarako, aurtengorako onartuak dituen ordenantza fiskaletan aldaketa bat txertatzea proposatu zuen udal gobernu taldeak maiatzaren 25eko osoko bilkuran; zehazkiago esanda, "zerbitzuak eskaini edo udal jarduerak burutzeagatiko prezio publikoak arautzen dituen eranskineko C atala aldatzea" onartu zuen udalbatzak gehiengo osoz.

Orain urrats berri bat ematekoak dira; "Udarregi Ikastola IKE-rekin sinaturiko Usurbilgo Haur Eskola zerbitzu-emakida kontratuaren aldaketa egitea, 2. klausula aldatu eta kontratuaren" prezio berriak finkatzeko. Datorren 2023-24 ikasturterako neurria izango da hau. 

Kontu Orokorra
Diru kontuak ere hizpide izango dituzte datorren osoko bilkuran. Iazko Kontu Orokorraren onarpena bozketara eramango dute.



Ezohiko osoko bilkura
Eguna: uztailak 20, osteguna.
Ordua: 18:00.
Tokia: udalbatza aretoa.
Gai-zerrenda:
1-2023/06/27ko bilkurako aktaren onespena.
2-Alkatetzako dekretu hauen berri ematea: 2023ko ekainaren 19tik uztailaren 14ra (2023/634-2023/733).
3-Batzorde informatzaileen osaketaren berri ematea (2023IIBE0001).
4-2022ko Kontu Orokorra onartzea (2023EKKO0001).
5-Haur Eskola zerbitzu-emakida kontratuaren aldaketa (ID.05/2021-0046).
6-Galderak eta eskaerak.