Auzolanerako deia egin du Usurbilgo memoria historikoa berreskuratzen gogotik lanean ari den Usurbil 1936 elkarteak. NOAUA!ra igorritako oharrean berri eman duenez, Andatzako lubakien berreskuratze lanen bigarren faseari ekitera doaz. "Lehena, iazko udan egin zen baina materiala uste baino gehiago atera zenez, bukatu gabe geratu ziren indusketak. Oraingo fasearekin bukatu nahi dira, gerora ondo hesitu eta behar bezala seinaleztatuz, herritik haraino ibilbide bat osatzeko herritarrek bisita dezaten".
Auzolan hau datorren hamabostaldi honetan egingo dute. Asteazken honetan, uztailaren 19an hasi eta hilaren 28ra arte. Usurbil 1936 elkartetik iragarri dutenez, "Andatza mendian egongo gara 1936ko gerrako lubakiak berreskuratzen".
Parte hartu nahi dutenei elkarteko kideekin hartuemanetan jartzeko deia egin diete, telefono zenbaki honetara deituta: 616 48 25 21.