#HauteskundeakU23

Mertxe Aizpurua, EH Bildu: "Madrilen indar eraginkorra izan gara"

Noaua Aldizkaria 2023ko uzt. 19a, 08:04

Usurbildar politikaria Gipuzkoako EH Bilduren zerrendaburua izango da beste behin ere. "Guk ez dugu eliteen aurrean justifikatu beharrik", azaldu digu. "Eskuak libre ditugu erabakiak hartzeko".

Aurreko hauteskunde deialdietako irizpideari jarraiki, Usurbilgo Udalean ordezkaritza duten hiru alderdien  (EHBildu, EAJ-PNV, PSE-EE) hautagaiak elkarrizketatu ditugu. Mertxe Aizpurua, Maribel Vaquero eta Rafaela Romero, hurrenez hurren. Hauek dituzue Mertxe Aizpuruak eman dizkigun azalpenak.

 

Espainiako Gorteetako ordezkariak aukeratu behar dira uztailaren 23ko hauteskundeetan. Zure alderdiak ordezkaririk lortzen badu, zeintzuk izango dira bultzatuko dituen egitasmo nagusiak?

Azken lau urteotan egin dugun bezala, euskal herritarron eskubideak eta askatasunak defendatzeko eta zabaltzeko, aurrera egiteko, konpromisoa hartu dugu gure jendartearekin.

 

Mertxe Aizpurua, EHBildu: 

"Euskal agenda daramagu Madrilera"

 

Madrilen indar eraginkorra izan gara eta lortutakoari segida emateko asmoarekin goaz. Madrilera goaz errazteko etxebizitza bat eduki ahal izatea. Aurreko legegintzaldian egin genuen bezala, alargun pentsioak eta ez-kontributiboak igotzea lortu genuen, pentsioak gehiago handitu behar direla uste dugu eta oraingoan ere horretan saiatuko gara. Gure autogobernuaren defensa egiteaz gain, zintzilik dauden transferentziak kontutan hartuta, Estaturik gabeko gainontzeko nazioekin bidea egiten ari gara, Estatuaren izaera plurinazionala aldarrikatzeko eta dagozkigun eskubideak, erabakitzeko eskubidea bera, errespetatuak izan daitezen.

Azken finean, euskal agenda daramagu Madrilera. Zeren, zer da euskal agenda euskal herritarrek dituzten eguneroko beharrei erantzutea ez bada? Enplegua, lan eskubideak eta eremu honetan, azken Lan Erreformatik kanpo geratu ziren neurriak berreskuratzeko lan egingo dugu, prezioen kontrola eta bizitzaren garestitzeari aurre egiteko neurriak proposatuko ditugu, gizarte babesa ziurtatzeko erabakigarriak diren proposamenak eramango, hala nola klima larrialdiari erantzuteko eta askatasun demokratikoak, hau da, feminismoa, LGTBIQ+, migrazioa, adierazpen askatasuna eta memoria inklusiboa eta bizikidetzaren aldeko neurriak planteatuko ditugu.

Gainera, EH Bildutik esan dezakegu euskal herritarren ongizatean ez beste ezertan pentsatuta erabakiak hartu ahal izateko askatasun osoa dugula; izan ere, guk ez dugu eliteen aurrean justifikatu beharrik. Eskuak libre ditugu erabakiak hartzeko.

Ez diogu erantzuten eta ez diogu leialtasunik zor enpresa handiei, banketxeei eta energia enporioei. Horregatik, ez dugu sekula hutsik egingo erabakiak hartzerako orduan: euskal herritarren bizitzak hobetzeko egingo baitugu beti. Orain arte bezala.

Borobilduz, Euskal Herria Bilduren konpromisoak, eta hitzekoak garela frogatu dugu, lau esalditan laburbilduko nituzke: eskubide gehiago, ongizate gehiago, askatasun gehiago eta burujabetza gehiago lortzen ahaleginduko gara gure adore eta indar guztiarekin.

Eta, azkenik, gardenak gara, beste batzuk hain argi mintzatzen ez diren bitartean. EH Bildurengatik bada, eskuin espainiarrak ez du gobernurik eskuratuko eta ezta ere hauek baldintzatuko dituzten politiketan eraginik izango. Berdin PP bakarrik bada, edo PP-VOX koalizioan badoa.

 

Mertxe Aizpurua, EHBildu: 

"Abstentzioa ez da aukera bat, asko baitago jokoan"

 

Abstentzioa altua izan zen azken udal hauteskundeetan. Bozka eman edo ez eman, zalantzan dagoen horri zer esango zenioke?

Ematen ez duzun bozka hori seguruenik eskuinaren mesederako izango dela. Eta uzten duzun hutsune hori segur aski inoiz konpartituko ez zenukeen neurri eta legeak ezartzeko balioko duela.

Egoera irakurtzen eta ulertzen jakin behar dugu, eta jakin behar dugu EH Bildu dela Euskal Herrian aukera bakarra, eta bereziki Gipuzkoan, eskuina geldiarazteko eta politika publikoetan azelerazioa emateko benetako aukerak dituena.

Bizi dugun egoeraren aurrean, Euskal Herrian ezkerreko botorik ezin da bidean geratu. Onartu ezin dugun luxu bat da hori. Boto guztiak aprobetxatu behar dira eta euskal gizartearen eta Gipuzkoaren gehiengo handi batek eskatzen duen norabidean kokatu. Itxaropenaren norabidean, hain zuzen ere, batzuek eraman nahi diguten beldurraren eta etsipenaren bidean.

Hori esango nioke zalantzan dagoenari. Abstentzioa ez da aukera bat, asko baitago jokoan. Euskal Herri anitz honetan, aurrerakoia, euskalduna, feminista eta abertzalea den honetan, etorkizun hobe, justu eta jasangarriagoa nahi duenaren botoa ezin da etxean geratu. Nik herri hori maite dut, pertsona guztien eskubide eta askatasunak babestu eta zabaltzen dituen herri librea. Eta hori da ordezkatuko duguna Madrilen.

Horregatik, pertsona horri bere konfiantza gugan jartzea eskatuko nioke. Printzipioak ditugulako, hitzekoak garelako, entzuten dakigulako eta bereziki soluzioak eskaintzen ditugulako.

Horregatik guztiagatik eskatuko nioke bozkatzea eta benetan eraginkorra eta eraldatzailea izango den bozka eman dezala. Guztion onerako izango da eta.