#HauteskundeakU23

Maribel Vaquero, EAJ-PNV: "Pertsonen ongizateari begira egingo dugu lan"

Noaua Aldizkaria 2023ko uzt. 19a, 08:03

"Ez dugu politika populistarik ezta demagogikorik egiten", adierazi digu Gipuzkoako EAJ-PNVren zerrendaburuak. "Politika eraikitzaile eta demokratikoan sinesten dugu".

Aurreko hauteskunde deialdietako irizpideari jarraiki, Usurbilgo Udalean ordezkaritza duten hiru alderdien  (EHBildu, EAJ-PNV, PSE-EE) hautagaiak elkarrizketatu ditugu. Mertxe Aizpurua, Maribel Vaquero eta Rafaela Romero, hurrenez hurren. Hauek dituzue Maribel Vaquero jeltzaleak egin dizkigun adierazpenak.

 

Espainiako Gorteetako ordezkariak aukeratu behar dira uztailaren 23ko hauteskundeetan. Zure alderdiak ordezkaririk lortzen badu, zeintzuk izango dira bultzatuko dituen egitasmo nagusiak?

Eusko Alderdi Jeltzaleak hiru ardatz nagusi ditu oinarri eta horiek defendatzen gabiltza Euskadiko herri guztietan. Euskadiren ahotsa Madrilera eramango dugu demokrazia, giza eskubideak eta autogobernuaren defentsa egiteko. Autogobernu gehiago izateak ongizate handiagoa dakar gure herria eta gure herritarrentzako, eta guk, oinarri bezala Euskadiren eta herritarren ongizatea dugu.

Programa propioa dugu, proposamen zehatzekin. Pertsonen alboan egongo gara eta haien ongizateari begira egingo dugu lan, justizia soziala eta diskriminazio eza defendatuz. Emakume eta gizonen arteko berdintasuna, indarkeria matxistaren kontrako borroka eta soldata arrakala ezabatzeko lan egingo dugu, Euskadiko instituzioetan defendatzen dugun moduan.

 

Maribel Vaquero, EAJ-PNV:

"Eusko Alderdi Jeltzalearen hautua bakarra da, Euskadi" 

 

Politika aldarrikatzen dugu herritarren alde lan egiten den zerbitzu gisa ulertzen dugulako. Ez dugu politika populistarik ezta demagogikorik egiten, Eusko Alderdi Jeltzaleak politika eraikitzaile eta demokratikoan sinesten du. Ez dugu atzerapausorik onartuko herritarren eskubideen babeserako emandako pausuetan, ezta inboluzio demokratikorik ere.

Klima aldaketaren kontrako programa zehatza aurkezten dugu eta ingurumenaren eta energiaren jasangarritasuna sustatzen dugu. Kontsumitzaile zaurgarria babesteko eta arrazoizko tarifak ezartzeko bai herritarrentzat, enpresentzat eta industriarentzat.

Ongizatea eraiki nahi dugu Euskadirentzako. Horretarako, esparru publiko eta pribatuaren arteko lankidetza bultzatuko dugu. Baita industriaren, ETE-en eta autonomoen aldeko apustua eginez, eta berrikuntzaren eta nazioartekotzearen alde ere. Ezinbestekoa da behar bezala ordaindutako enpleguak sortzea, bereziki gazteentzat, gizarte oparoa lortzeko.

Euskara hizkuntza gutxitua izanik, egunero jasaten dituen erasoei aurre egiteko lehen lerroa izango gara Madrilen. EAJ-PNV-k euskal hiztunen eskubideak defendatuko ditu ordezkaritza duen instituzio guztietan.

Egungo iluntasunarekin amaitzeko, botere publikoen jardunean gardentasuna exijitzeko, sekretu ofizialen lege berria onartu dadin, gure ahalegin guztia egin dugu eta ibilbide berdina egiten jarraituko dugu. Ez dugu amore emango.

 

Maribel Vaquero, EAJ-PNV:

"Botoa ematea garrantzitsua da, herri bezala dugun indarra ez galtzeko"

 

Abstentzioa altua izan zen azken udal hauteskundeetan. Bozka eman edo ez eman, zalantzan dagoen horri zer esango zenioke?

Bozka eman edo ez eman zalantzan dagoen horri esango nioke asko dagoela jokoan. Hauteskunde garai guztietan errepikatzen dugun leloa bada ere, oraingo honetan talde politikoen programak irakurrita eta adierazpenak entzunda, begi-bistakoa da horrela dela. Euskal autogobernua arriskuan dagoela eta inoiz baino gehiago defendatu behar izango dugula. Asko borrokatu dugu honaino iristeko eta ezin dugu guk lortutako eskubideetan atzera pausorik onartu guztien kaltetan doalako.

Egun, daukagun ongizatea arriskuan jarri daiteke, inboluzio demokratiko bat eman daiteke, eta horri herritarrek bere botoaren bidez aurre egin diezaiokete. Hala ere, argi utzi nahi dut uztailaren 23an erabakiko duguna ez dela Sanchez edo Feijóo, erabakiko duguna euskaldunon ahotsa nork izango duen Madrilen. Eta Eusko Alderdi Jeltzalearen hautua bakarra da, Euskadi.

Euskadi defendatu beharko dugu, gure hizkuntza, instituzioak, eskubide historikoak eta abar bortizki horren kontra egiten dutenen aurka. Eta azkeneko urteetan onartutako pertsonen eskubideetan aurrerakoiak izan diren legeetan ez dugu atzera pausorik onartuko (Trans legea, Abortuaren legea, eutanasia, askatasun sexuala eta abar).

Autogobernuaren balioa mahai gainean jartzen dugu une oro, gure gizartea eta herritarrak defendatzen ditugulako. Kohesio soziala, ongizate soziala eta justizia soziala bermatzea ezinbestekoa da eta Eusko Alderdi Jeltzaleak gai hauek bultzatzeko konpromiso irmoa hartzen dugu. Uztailaren 23ko hauteskundeetan botoa ematea garrantzitsua da, herri bezala dugun indarra ez galtzeko.