Aurreko hauteskunde deialdietako irizpideari jarraiki, Usurbilgo Udalean ordezkaritza duten hiru alderdien (EHBildu, EAJ-PNV, PSE-EE) hautagaiak elkarrizketatu ditugu. Mertxe Aizpurua, Maribel Vaquero eta Rafaela Romero, hurrenez hurren. Hauek dituzue Rafaela Romero sozialistak egin dizkigun adierazpenak.
Espainiako Gorteetako ordezkariak aukeratu behar dira uztailaren 23ko hauteskundeetan. Zure alderdiak ordezkaririk lortzen badu, zeintzuk izango dira bultzatuko dituen egitasmo nagusiak?
Sozialista gisa, hitza ematen dut lanean segiko dudala, eskubideen eta askatasunen arloetan atzerapenik izan ez dadin.
Pertsonala politikoa da, eta koherentea izaten segiko dut orain arte gidari izan ditudan baloreen mesedeetan: gizon eta emakumeez osaturiko gizarte berdinzale eta libre baten alde.
Mugimendu feministari leial izango naiz, eta Kongresuan feminismoaren inguruko aliantza indartzen jarraituko dut.
Rafaela Romero, PSE-EE:
"Gobernu progresistak egin duen lanarekin harro sentitzen naiz"
Giza eskubideen aldeko mugimendu indartsuena da feminismoa, eta iraultzaileena, agenda politikoan pertsona guztien eskubide unibertsalak lehentasuna izango dutela ziurtatzeko baliogarri dena.
Kongresuan egingo dudan lanarekin, Pedro Sánchezek duela bost urte hasi zuen bide-orrian sakontzen lagunduko dut, Espainia Europarentzat eredu izatea lortu duelako: bidezko hazkunde ekonomikoaren adibide garbia, enplegu sendo eta duina sortzen datu ikaragarriak erdietsi ditu, soldata-baldintza hobeak ziurtatuz.
Gainera, bereziki harro sentitzen naiz gobernu progresistak egin duen lanarekin. Pedro Sánchezek gidari, Europako babes sozial indartsuena eraiki du.
Sozialistok erakutsi dugu badagoela Madrildik gobernatzeko beste modu bat, eskuinak dituen bestelako lehentasunak ditugulako: politika publiko onak bultzatzen ditugu; herri bat hobea egiten duten politikak dira bere jendea babesten eta zaintzen dituztenak, euren ongizate eta bizitza-kalitatea hobetzen dituztenak.
Espainiako eskuinak eta ultraeskuinak herriarekiko maitasuna banderaren tamainaren arabera neurtzen duten bitartean, sozialistok hiritarrentzat hobea den herri baten alde lan egiten dugu. Nik gustuko dudan herria ez dago banderekin egina, bere herritarrek osatzen duten herria da nirea, bere lurraldeek eta bere hizkuntza guztiek osatzen dutena, kulturarekiko eta jendearen atxikimendu sentimenduak errespetatzen dituena.
Nire konpromisoa da euskal sozialismoaren lehentasun izan den berbera: askatasunaren alde, bakearen alde, elkarbizitzaren alde, berdintasunaren alde eta justizia sozialaren alde lan egitea.
Horregatik, hitz ematen dut ultraeskuinari aurre egingo diodala, gehiengo progresistaren aldamenean izango naizela eta ez dugula gure aurkako gerra onartuko: feministen, ekologisten, LGTBIQ+ zein trans pertsonen, nazionalisten, ezkertiarren edo errepublikarren aurka hasi duten gerrari aurre egingo diogu.
Gorrotoaren aurrean, nire borroka, berdintasuna, askatasuna, tolerantzia, elkarbizitza eta pluraltasuna izango dira.
Horregatik, ezinbestekoa da gure agenda politikoaren alde agertzea, osasungintza zein hezkuntza publikoan inbertitzeko, babes sozialaren sistema indartzeko, pentsio duinak sostengatzeko, garraio publikoa bultzatzeko eta emergentzia klimatikoaren aurka borrokatzeko.
Rafaela Romero, PSE-EE:
"Sozialistok erakutsi dugu badagoela gobernatzeko beste modu bat"
Abstentzioa altua izan zen azken udal hauteskundeetan. Bozka eman edo ez eman, zalantzan dagoen horri zer esango zenioke?
Bozka progresistaren mobilizazioa eskatzen dut, uztailaren 23an bozka ematera hurbildu daitezen, arrisku gorrian baitira azken urteotan denon artean lortu ditugun eskubideak eta askatasunak.
Hauteskunde hauetan demokrazia dago jokoan. Ez badugu bozka ematen, PPVOXekoek irabaziko dute, Moncloara iritsi eta politika ultrakontserbadoreak egiteko aukera gehiago izango dituzte.
Ez bagara bozka ematera joaten, eurek irabaziko dute. Duela mende bateko Espainiara itzultzea nahi duten horiek: txuribeltzekoa, intolerantzea eta antidemokratikoa.
Guk bozka ematen badugu, eurak kanpoan geratuko dira.