Espainiako Kongresuari dagokionez, hamahiru eragile politiko hauen artean hautatu ahalko dute usurbildarrek: EHBildu, PSOE, EAJ-PNV, PP, Frente Obrero (FO), PACMA, VOX, Euskadiko Langileen Alderdi Komunistak (ELAK), Aulki Zuriak-Escaños en Blanco, Bidezko Mundurantz (PUM+J), Recortes Cero, Sumar eta Union Cristiano Demócrata Española (UCDE).
Zerrenda hauetan herrikideak izango ditugu; EHBilduren Gipuzkoako zerrendaburua izango da bigarrenez Mertxe Aizpurua Arzallus, 2011-15 legealdian Usurbilgo alkate izandakoa. Bestalde, udal hauteskundeetako zerrendetan aurkeztu ostean, oraingo honetan ere, Espainiako Kongresurako zerrenda du Aulki Zuriak-ek eta Gipuzkoako zerrendaburua Luis Mari Ormaetxea Santsiñena izango da (duela lau urte Senaturako hautagai-zerrendan hirugarren aurkeztu zen). Beste herrikide bat lehen ordezkoa; Aitor Pikabea Lamuedra.
Senatua berritzeko hauteskundeetara hamabi eragile aurkeztu dira: EHBildu, PSOE, EAJ-PNV, PP, PACMA, VOX, Euskadiko Langileen Alderdi Komunista (PCTE/ELAK), Aulki Zuriak-Escaños en Blanco, Bidezko Mundurantz (PUM+J), Recortes Cero eta Sumar. Kasu honetan ere herrikiderik aurkitu dugu Senaturako hautagaitzetan ere. Gipuzkoatik PSOE-k osatu duen taldeko lehen hautagaiaren lehen ordezkoa Ricardo Crespo Rubio izango da (Usurbilgo zinegotzia izan zen 2011-15 legealdian).
Hauteslekuak, ohikoak
Bi bozka paper ezberdin izango dituzte beraz hauteskundeok, baina ohiko hautesleku kopurua. Hiru mahai kokatuko dituzte Udarregi ikastolako eraikin gorriko erdiko aretoan, beste bi Kalezarko Haur Eskolan eta mahai bana Aginagako Eskolan, Santuenea auzo elkartean eta Zubietako Lanbide Eskolan (Usurbil aldeko zubietarrentzat; Eskola Txikia Donostia aldeko zubietarrentzat).
------------------------------------
Nire ustez (iritzia)
Hustu ditzagun Kongresua eta Senatua!
Aulkiak hutsik uzteko Aulki Zuriak–Escaños en Blanco alderdia ordezkatuak sentitzen ez direnentzako aukera da.
Aukera politiko egokia aurkitzen ez duten herritarren ordezkari izan nahi dugu; botoa zuriz ematen dutenen botoa eraginkorra egiten duen aukera bat gara; protesta egiten dutenen aukera bat gara, protesta jarleku huts batean islatuko baita; abstentzioan geratzen direnen aukeretako bat gara, gurekin botoa beti baita baliagarria, aulki edo eserleku hustu moduan islatzen baita beti. Aulki Zuriak-ek hiritarrentzat proposatzen duena berezia da. Beste alderdi batzuek egiten dituzten promesetatik erabat desberdina da.
Gure hauteskunde-programa esaldi batean laburtzen da: “Lortuko diren aulkiak askatzea, edozein soldata edo diru-sarrerari uko eginez”. Herritarrek Kongresuan eta Senatuan eserleku huts bat uzteko eskubidea dutela eta aulki horrek ez diela herritarrei euro bat ere ordaindu behar defendatzen dugu. Legegintzaldi osoan zehar liberatutako aulki horiek ez dira okupatuko eta, beraz, uko egiten diogu legez eta erregelamenduz dagozkigun ordainsari guztiak jasotzeari.
Aulki Zuriak-eko hautagaiek, behar adina boto lortzen badute, aulkiak libre, hutsik, okupatu gabe utziko dituzte. Horrela, askatzen den aulkia politikarekin baztertuta, ahaztuta eta frustratuta sentitzen direnen sinboloa izango da.
Pertsona guztiek dute botoa emateko eskubidea, baina boto guztiek ez dute balio bera. Kongresuan eta Senatuan eserleku hutsak uzteko Aulki Zuriak-ek sistema politikoaren kalitate demokratikoa neurtuko du. Ohiko alderdi nagusiek ordezkatzen ez dituzten herritarrenak direlako jarleku libreak, hutsak.
Hustu ditzagun Kongresua eta Senatua!
Luismari Ormaetxea Aulki Zuriak alderdiko hautagaia