Osoko bilkura

"Kezkagarria eta larria iruditzen zaigu sententzia"

Noaua Aldizkaria 2023ko uzt. 21a, 14:07

UEMA-k deituta, uztailaren 7an alkate eta hautetsiek frontoian egin zuten agerraldi jendetsua.

Udalei euskara hutsean jardutea ahalbidetzen dien Udal Legearen 6.2 artikulua baliogabetu zuen hilabete hasieran Espainiako Auzitegi Konstituzionalak. Erabaki honen aurkako salaketa ostegun honetako, uztailaren 20ko osoko bilkurara heldu da. 

Haserrea eta kezka eragin du asteotan Espainiako Auzitegi Konstituzionalak hartutako erabakiak. Udalei euskara hutsez jardutea ahalbidetzen dien Udal Legearen 6.2 artikulua baliogabetzea erabaki du, bere garaian VOXek aurkezturiko helegite baten harira. "Nahikoa da! Gu euskaraz gara!" aldarripean 125 alkate eta hautetsik agerraldi jendetsua egin zuten epai hau ezagutu eta biharamunean, uztailaren 7an, Usurbilgo frontoian. "Kolpe handia da, bereziki udalerri euskaldunontzat. Inolaz ere onartu ezin dugun atzerakada", salatu zuten hedabideen aurrean. Handik egun gutxira auzi hau epaitzen hasi zen EAEko Auzitegi Nagusiaren atarian mobilizatu ziren alkate eta hautetsiak. 

Salaketa orain, Usurbilgo udalbatza aretora heldu da. Ostegun honetan, uztailaren 20an egin duten ezohiko osoko bilkuran, EAJren ekimenez alderdi honek eta EHBilduk adosturiko adierazpena irakurri zuten. Idatziak nabarmentzen duenez, "kezkagarria eta larria iruditzen zaigu sententzia euskararen normalizazio eta biziberritze prozesuari oztopoa jartzea delako, helburu horren alde udaletatik bideratzen diren hizkuntza-politikak guztiz mugatzen baititu". Politika hauek "herritar guztien hizkuntza eskubideak bermatzen" dituztela gogorarazten dute. Hizkuntza gutxituen aurkako olatu erreakzionario baten baitan kokatzen dute epai hau.

Horregatik, salatzen dutenez, "euskara eta euskal hiztunak mespretxatzen ditu epai honek" eta horrekin batera, "epai hori euskararen biziberritzearen aurkakoa ez ezik adostasun sozial handi baten kontrakoa ere bada" eta ildo horretan, "herritarren eta udalen erabakimena jartzen ditu auzitan".

Hemen duzue EHBildu eta EAJren gai honi buruzko adierazpena:

EAJ eta EHBildu alderdiek adosturiko adierazpena
Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Udal Legearen aurka, udalei euskara hutsez aritzeko aukera ezetsiz, emandako epaiak eragin digun kezka larriak ekarri gaitu idatzi hau aurkeztea.

Kezkagarria eta larria iruditzen zaigu sententzia euskararen normalizazio eta biziberritze prozesuari oztopoa jartzea delako, helburu horren alde udaletatik bideratzen diren hizkuntza-politikak guztiz mugatzen baititu. Bide batez esan, herritar guztien hizkuntz eskubideak bermatzen dituzten hizkuntza-politikak direla atzera bota diren horiek, ezetsi den Udal Legearen 6.2 artikuluak berariaz jasotzen baitu berme hori.

Finean, euskara eta euskal hiztunak mespretxatzen ditu epai honek, eta euskarak normalizazio eta biziberritze bidean etorkizunera begira dituen desafio handiei aurre egiteko moduko hizkuntza-politikak indarrean jartzea eragozten du.
Eusko Legebiltzarrak kontsentsu zabalez onartu zuen orain baliogabetutako Udal Legea. Era berean, azken Inkesta Soziolinguistikoak argi erakutsi du gizartearen gehiengo zabal batek babesten dituela euskararen normalizazioa helburu duten politikak. Beraz, epai hori euskararen biziberritzearen aurkakoa ez ezik adostasun sozial handi baten kontrakoa ere bada. Azken batean, herritarren eta udalen erabakimena jartzen ditu auzitan. Erabakimen horren defentsan hona hemen ehunka alkate eta udal ordezkariren presentzia.

Uste dugu epai hau oldarraldi judizial zabalago baten parte dela, hizkuntza gutxituak jomugan dituen olatu erreakzionario batean kokatzen dela. Epai honen ondoren, salaketa are eta irmoago egiten dugu: oldarraldiaren aurka, baina, batez ere, euskararen normalizazio eta biziberritzearen alde.

PSE-ren adierazpena
Gai honi buruz zuen iritzia plazaratu zuen baita PSE-ko ordezkari Petra Romerok. Hasteko, "erabaki judizialei erabateko errespetua" adierazi nahi izan zien. "Sozialistok hizkuntza-eskubideen defentsaren alde gaude, hau da, herritarrek administrazioari libreki aukeratzen duten hizkuntzan hitz egiteko duten eskubidearen alde".

Gai honetan izan duten jarrera azaldu zuen Romerok. "Jakina denez, sozialistok Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legearen aurka bozkatu genuen, eta artikulu batzuk konstituzioaren aurkakoak izan zitezkeela ohartarazi genuen. Orain, Konstituzio Auzitegiak Konstituzioaren aurkakotzat jotzen du legearen atal bat, erakundeen funtzionamenduari buruzko dokumentazioa euskaraz idatzi ahal izatea ezartzen duena". Hau adierazita, gaineratu zuenez, "gure taldetik beti lagundu ditugu euskara normalizatzearen eta biziberritzearen aldeko programak eta ekimenak, eta uste dugu eztabaida ezin dela egon hizkuntza eskubide bati beste eskubide batzuei aurre egiten".