Osoko bilkura

Ingemarrek zor duena kitatzen joateko akordioa erdietsi du Udalarekin

Noaua Aldizkaria 2023ko uzt. 21a, 13:41

Usurbilgo Udalak Ingemar lantegiko jabeekin erdietsi duen akordioaren berri emateko ere baliatu du udal gobernu taldeak, ostegun honetako, uztailaren 20ko ezohiko osoko bilkura.

Akordio honen bidez, aipatu lantegiak Usurbilgo Udalarekin duen zorra kitatzea ahalbidetuko du hein handi batean. Ibilbide luzea egin du gai honek udal barruan, ostegun honetako ezohiko osoko bilkuran Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak azaldu moduan. 

2017ko abenduko epai baten bidez, "Lugoko epaitegian, Ingemar SA sozietatearen konkurtso- prozeduran, hartzekodunen hitzarmena onartu zen". Lantegiak Udalarekin guztira 486.251,01 euroko zorra zuela zehaztu zen, lau zor mota hauetan banatua:
-Zor pribilegiatua: 27.958,59 euro.
-Zor orokorra: 270.837,12 euro.
-Zor arrunta: 135.773,88 euro.
-Menpekoa: 50.681,42 euro.

Bi urte beranduago, 2019ko urtarrilean Udalak eta Grupo Ingemarrek zor mota hauetako bat, pribilegiatua bost urteetan ordaintzeko akordioa sinatu zuten. Orain arte, ordea, 27.958,59 eurotik "25.927,63 euro kobratu ditu, enbargo baten bidez kendua", alkateak osteguneko osoko bilkuran azaldu zuenez.

Zor zati hori ordaindu ez, eta gainera, kopurua nabarmen handitzen joan dela berri eman du Udalak. "Konkurtsoaren ostean, zor gehiago eragin ditu, ordaindu gabeko zerga eta bestelakotik eratorrita: 406.639,76 euro euro. Masaren aurkako kreditua da, eta, ondorioz, zor hori ez dago konkurtsopean". 

Lantegiko eremuaren lanketa elkarlanean
Egoera horretan zela, 2021ean Grupo Ingemar SA eskuz aldatzen dute, administratzaile berrien esku geratu zen. Ordutik haiekin hartuemanetan da Udala gobernu taldetik ziurtatu dutenez. Zorra ordaintzeko nahia baina era berean zor hori kitatzeko ezintasuna Atalluko "partzela saldu ezean", adierazi izan diete jabe berriek Udalari. 

Jabe aldaketa hau, Udala Hiria Antolatzeko Plan Orokorraren berridazketa betean harrapatu zuen. "Zingirategiko eremurako (Ingemar) antolamendua eurekin batera landu eta adostu dugu, Udalak zehaztutako hirigintza irizpideen arabera. Adostasun inportantea izan da: dakizuenez, eremu misto bat sortuko da han: eremu industriala, etxebizitzak eta
ekipamenduak. Adostasunez eraikitako planteamendua izan da. Eta balioan jarri nahi
dut".

"Ingemarrek zor handia du askorekin"
Azken hilabeteotan mugimendu gehiago izan dira gai honen bueltan. Apirilean Udalak bilera izan zuen Ingemarreko administratzaile berriekin. "Orduan esan ziguten hitzarmenaren aldaketa proposatu dietela hartzekodun guztiei, eta epaitegiak onartu egin zuela".

Aldaketa honek, Udalaren esanetan, "konkurtsopean dagoen zorrari eragiten dio, ez osoari, ordea: hau da, kreditu arrunta eta menpekoari eragiten dio, eta %90eko kita onartzea
proposatzen zuten. Hau da, 135.773,88 euro eta 50.681,42 euroko kredituei".

Maiatza hasieran jaso zuen Lugoko epaitegiko epaia eta hitzarmen aldatu horretara batzeko bi hilabeteko epea ireki zen. Bi aukera zituen Udalak; aldaketa hau onartu edo ezezkoa ematea. "Hitzarmenaren aldaketa ez onartzeak enpresa likidatzea ekar zezakeen, eta eskenatoki hori inorentzat ez zen egokia, izan ere, zorrak inoiz ez kobratzea ekar
zezakeelako, eta Ingemarrek zor handia du askorekin, tartean Usurbilgo Udalarekin".

Zorra ordaintzen hasi dira
Udalak gaiotan "konkurtso eta prozeduretan" adituak diren Zubizarreta Consulting abokatu taldea kontratatu zuen eta "negoziazioak eta elkarrizketak abiatu genituen Grupo Ingemarreko jabeekin. Aipatu zigutenez, hartzekodun asko ari ziren hitzarmena onartzen, beraz, gerta zitekeen Usurbilgo Udalaren botoa beharrezkoa ez izatea".

Hitzarmen aldatu hau onartzeko Udalak bere baldintzak jarri zituela adierazi dute udal gobernu taldetik. "Udalarekin duten zorra ordaintzeko akordio proposamena igorri
genien: konkurtsopean dagoen zor guztia ordaintzeko eta konkurtsoaren ostean
sortutako zorraren zati bat". Diru hori guztia batera ezin zutela ordaindu adierazi zioten Ingemarreko jabeek Udalari. Ondorioz, eta hauxe joan den ekainean erdietsi zutena, "erdibideko akordio bat adostu genuen 2023ko ekainaren 15ean egindako bileran, zor pribilegiatua (290.127,63 euro) eta konkurtso ostekoa (406.639,76 euro), guztira, 696.767,40 euro, ordaintzeko modua zehazten duena. Ordainean, udalak, kreditu arrunta eta menpekoari dagokion %90eko kita onartzen zuen".

Modu honetan, 100.000 euro hitzarmena sinatu aurretik ordaintzea adostu zuten. Zati hau jada hitzarmena sinatu berritan kitatu zuten. Urriaren 1erako beste 126.391,77 euro ordaintzea adostu dute, udal gobernu taldetik jakinarazi dutenez. "gainerakoa (470.375,62 euro) modu zatikatuan ordaintzea: hilero 7.225,62 euro, 60 hilabetetan. Ordainketak hil hasieran egingo dituzte".

Bitarte horretan, gainera, "Ingemarrek Usurbilgo partzela salduko balu, zorra kolpetik ordaintzeko konpromisoa hartzen dute. Ez balute ordainduko, bermeak ere ezarri dira hitzarmenean, Usurbilgo finka hipotekatzea udalaren mesedetan".