Uda honetan Usurbilgo Museo Irekiak zabalik segiko du. Datozen asteburu eta jai egunetan herriko kaleetan begi-bistan ditugun altxorrak sakonago ezagutzeko aukera izango dugu uztailean eta abuztuan.
Ordubeteko bisita gidatuak izango dira Sutegitik abiatuko direnak, herrian barrena, 12:00etan hasi eta 13:00ak arte. "Usurbil beti izan da Euskal Herriko kultur-gune erreferentzialetako bat eta bere lekua irabazi du Euskal Herriko kulturaren mapan. Usurbilera baldin bazatoz, bere kaleetan murgiltzea eta paseatzea nahikoa izango duzu edonora eta begiratu eta artelan bat aurkitzeko. Kalean, plazetan, hormetan… Lehengo zein oraingo izen handiko sortzaileen lanak eta ondare aztarnak nonahi izango dituzu zure begiradaren zain. Gida baten laguntzaz ezagutu ahalko dituzu artelan hauek guztiak ordubeteko bisita gidatuan".
Gehienez 14 lagunentzako lekua egongo da hitzorduotan. Izena aurrez eman beharko da 650usurbilbizi.eus/agenda atarian.
Organo kontzertua bertsolariekin eta Zumeta estudiora bisita
Osagai bereziak ere izango ditu tarteka ekimen honek. Batetik, abuztuaren 15ean (asteartea) arratsaldeko 17:00etarako iragarri dute 650 Usurbil Bizi egitasmoaren testuinguruko bisita gidatu hau. Saio hau ere ordubetekoa izango da. Baina eguerditik arratsaldera orduz aldatu dute, gero, 20:00etan Donostiako Musika Hamabostaldiaren baitako kontzertua antolatu dutelako Salbatore elizan. 84. edizioaren baitan iragarri duten organo zikloaren harira, emanaldi berezia izango da Usurbilen, Monica Melcova organo jolearekin eta Alaia Martin eta Andoni Egaña bertsolariekin.
Bigarren hitzordu berezi bat izango da baita abuztuko aste horretan, hilaren 19an hain zuzen. Larunbat horretako bisita gidatua ohi baino ordubete lehenago hasiko da, goizeko 11:00etan eta 13:00ak arte luzatuko da. Lehen orduan, herrian barrena, Usurbilgo kaleetako sorkuntza lanak ezagutzeko bira egingo da. Gero, segidan, Txikierdiko Zumeta estudioa barrutik ezagutzeko aukera izango da, iragan uztailaren 16an egin zuten moduan.
Usoa Zumetaren eskutik, lanketarako baliatzen duen tailerra eta erakusketa gelan barneratzeko aukera izan zuten bisitariek. Bertan egiten duten lanketa ezagutzeko parada izan zen. Tartean baita, Jose Luisek baliatzen zuen tailerra ere. Bertan "Izenik Gabe 200x133" izeneko dokumentalaren laburpena ere proiektatu zuen Usoak. Ikus-entzunezko lan honek bere aita Jose Luisen sorkuntza prozesua erakusten du. Usoaren ahizpa Monika Zumetak eta Enara Goikoetxeak zuzendu zuten filma 2013an ekoitzi zuten, Jose Luisen orduko tailerrean, Nafarroako Arriben.