#U23

Ia hamar puntu murriztu da parte hartzea 18:00ak arte, posta bidezko botoak zenbatu gabe

Noaua Aldizkaria 2023ko uzt. 23a, 18:42

2019an izandako Espainiako Gorteetako azken hauteskundeekin alderatuta, 9,72 puntu murriztu da arratsaldeko 18:00ak arteko parte hartzea gaurkoan. Aipatu moduan, posta bidezko botoen kopurua zenbatu gabe dago.

Ordu honetan oraindik ezin argitu, Espainiako Gorteak berritzeko hauteskundeek parte hartze gutxiago edo gehiago sustatu duten, azken deialdikoekin, 2019koekin alderatuta. Uztailaren 21era arte posta bidez emandako boto kopurua zenbatekoa ezin jakin momentuz. Arratsaldeko 20:00etan hauteslekuak ixtean zenbatuko dituzte. Honenbestez, momentuz gaur goizeko 9:00etatik aurrera hautetsontzietan bildutako botoen zenbatekoa, horren berri baino ez dira ematen ari.

Arratsaldeko 18:00ak arte, aipatu moduan, posta bidezko botoak kontuan hartu gabe, ia hamar puntu (9,72) murriztu da parte hartzea, ordu berean 2019ko azaroaren 10eko azken hauteskundeekin alderatuta. Orduko hartan, bozka eskubidea zuten 18 urtetik gorako usurbildarren %57,62ak eman zuen botoa. Oraingoan, %47,90ak eman du botoa.

Nabarmentzekoa, 14:00etako lehen parte hartze datutik arratsaldeko 18:00ko datura izan den bilakaera; duela lau urteko datuekin aldertuta, 14:00etan erregistraturiko beherakada bikoiztu du arratsaldeko 18:00etako kopuruak. 4,17tik 9,72ra handitu da 2019ko eta gaurko hauteskunde egun hauen artean parte hartzean izan den murrizketa.

Bistan denez, arratsaldeko 20:00etan hauteslekuak itxi eta boto paperak gutun-azaletatik ateratzen hastean, oraingoan inoiz baino ikusmin handiagoa eragingo du posta bidezko botoen zenbaketak.



Parte hartzea 2023/07/23 2019/11/10 Bilakaera
14:00 %36,20, 1.767 boto %40,37, 1.900 boto
-4,17 puntu
18:00 %47,90, 2.338 boto %57,62, 2.712 boto -9,72 puntu
20:00   %69,51  

Parte hartzea eskualdean
Usurbilen jazotakoaren islada orokorra da baita eskualdean eta gainerako eremuetan ere gertatzen ari dena ere. Buruntzaldean, 14:00etako parte hartze datuen arabera, oraingoan Astigarragan eta Hernanin boto kopuru gehiago bildu dituzte. Aldiz, 18:00ak arte Hernanin soilik handitu da parte hartzea, gainerako udalerrietan nabarmen gutxitu da:
Andoainen: %45,41 (-8,61 puntu).
Astigarragan: %47,47 (-1,82 puntu)
Hernanin: %56,59 (+1,15 puntu).
Lasarte-Orian: %46,75 (-8,29 puntu).
Urnietan: %44,94 (-9,24 puntu).
Usurbilen: %47,90 (-9,72 puntu).

Parte hartzea Gipuzkoan: %52,82 (-3,99 puntu).
Parte hartzea Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan: %52,42 (-5,18 puntu).
Parte hartzea Nafarroan: %51,74 (-4,72 puntu).
Estatu mailako parte hartze datua: %53,12 (-3,73 puntu).