Udal brigadako lan poltsa berria osatzeko deialdia

Noaua Aldizkaria 2023ko uzt. 26a, 08:03

Bete beharreko baldintzak: 16 urte beteak izatea, eskola ziurtagiria edo baliokidea eta B gidabaimena edukitzea.

Usurbilgo Udalak lan-poltsa deialdi bat iragarri zuen uztailaren 14ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, "operario eta operario laguntzaile poltsa bat oposizio sistema bidez sortzeko" hain zuzen. Xedea, "oposaketa irekiaren bidez, udal honetako operarioen eta operario laguntzaileen lan-poltsa berria osatzea hutsune ezberdinak bitarteko funtzionarioz hornitzea da. Lan-poltsari lotutako lanpostuei Administrazio Bereziko Eskala, Zerbitzu Berezien Azpieskala, E Sailkapen Taldea dagozkie".

Deialdira aurkeztu nahi dutenek, besteak beste, baldintza hauek bete beharko dituzte: 16 urte beteak izatea, eskola ziurtagiria edo baliokidea izatea edota B gidabaimena izatea.

 

Eskabideak aurkezteko azken eguna, abuztuak 1

Interesdunek uztailaren 17tik abuztuaren 1era arteko epea izango dute eskabideak aurkezteko udal erregistroan, edo telematikoki, usurbil.eus atarian. "Eskabideak eredu ofizial eta normalizatuan egingo dira. Eredua Usurbilgo Udal Erregistroan emango da. Usurbilgo udalaren web atarian ere lortu ahal izango da helbide honetan: usurbil.eus". 

 

Lan poltsak bi zati izango ditu

Eskabideak aurkezteko orria esteka honetan eskura daiteke: usurbil.eus

Eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan, onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrendak onartuko ditu udalak, eta hiru egun balioduneko epea izango da erreklamazioak aurkezteko. Behin-behineko zerrendarekin batera, azterketa egiteko eguna, ordua eta tokia jakinaraziko dituzte. Azterketen fasea bakarra izango da, praktikoa, nahitaezkoa eta baztertzailea: gainditu dutenen zerrenda iragarki-taulan eta udalaren webgunean argitaratuko dira. Lan poltsak bi zati izango ditu: A eta B atalak. A atalean hizkuntza eskakizuna akreditatu dutenak egongo dira, oposaketako frogan lortutako puntuazioaren araberako hurrenkerarekin; B atalean, hizkuntza eskakizuna akreditatu ez dutenak egongo dira, horiek ere lortutako puntuazioaren araberako hurrenkerarekin. Beti, lehenik, A poltsa erabiliko da, eta hori agortuta izangairik ez balego joko litzateke B poltsara.