“Igeldoko historia eta istorioak ahozko ondarean oinarritutako liburua da"

Noaua Aldizkaria 2023ko uzt. 25a, 08:03

Argazkia: Donostia Kultura

Jabier Iraola Gabilondok Igeldoko baserrien inguruko argazki liburua plazaratu du. Usurbilgo mugan dagoenez, bertako arrastoa ere nabaria da argitalpenean barrena.

Duela bost bat urte hasi zen Jabier Iraola baserrien argazki zaharrak biltzen. Igeldoko baserriak galtzen ari zirela ikusita, argazkiak jasotzen hasi zen etxez etxe. Etxeetako argazkiez gain, familia-argazkiak eta aspaldiko usadioei buruzkoak ere eskuratu zituen. “Ahozko ondarean oinarritutako liburua da, igeldoarrek kontatutako bizipen eta istorioak baitira liburuaren ardatza”, Donostia Kulturaren web orrian irakurri dugunez.

‘Igeldoko historia eta istorioak’ liburuak atal ugari ditu. Baserriena da oparoena. Igeldoko inguruko baserrietan ere erreparatu dute eta hor agertzen dira Usurbilgo lehen erreferentziak. Egioleta Handi, Egioleta Txiki eta Egioleta Berri. Bada beste atal bat, ‘Galdutako baserriak’ izenekoa, eta hortxe batu dituzte Artikula Haundi eta Artikula Txikiren ingurukoak.

 

Ahoz aho transmititutako kontuak

Ondarearen baitan, Igeldoko harrobiak, iturriak, karobiak, gotorlekuak eta Igeldoko igelaren putzuak zerrendatu dituzte. Horiek denak mapa batean markatu dituzte.

Bestelako ondarea ere bildu dute liburuan. Ahoz aho transmititzen dena. Izan ere, herritarren azalpenen bitartez, igeldoarren bizimodua islatzen saiatu dira. Ohiturak, festak, kirol jarduerak… Bestelako kontuek ere atal propioa dute: eliza eta elizkizunen ingurukoak, gerra eta soldaduskari buruzkoak…

Argazkiak zein igeldoarren azalpenak biltzeko ahaleginean, Joseba Iraola Gabilondok lankide asko izan ditu alboan. Liburua Igeldo Herri Kontseiluak plazaratu du eta Donostia Kulturaren babesa jaso du.

 

'Igeldoko historia eta istorioak'

Ahozko ondarean oinarritutako liburua da hauxe, igeldoarrek kontatutako bizipenak eta istorioak baitira liburuaren ardatza.

• Egilea: Jabier Iraola Gabilondo.

• 560 orrialde.

• 119 etxe eta baserri.

• 1.000 argazki baino gehiago.

• Gaiak: Igeldoko baserriak eta etxeak, astoak eta igeldoarrak, arrokak, eliza eta elizkizunak, eskola, gerra eta soldaduska, Gudamendi, harrobiak, iturriak, jaiak eta jaigiroa, kirolak, lana eta bizimodua, ondarea, plaza.

• Argitaratzailea: Igeldoko Herri Kontseilua.

• Babeslea: Donostia Kultura.

• Usurbilgo Laurok eta Lizardi dendetan eskuragarri.