Gauerditik aurrera

Prezipitazio handiagatik abisu horian

Noaua Aldizkaria 2023ko abu. 3a, 08:36

Ostegun gauerditik ostiral eguerdira abisu horian izango gara prezipitazio handiagatik.

"Patricia" izena jarri dioten depresioak udazken giroa ekarri digu egunotarako. Itsasoan soilik ez, geure inguruan ere ez da giro izango hurrengo orduotan. Abisu horian izango da Gipuzkoa osoa, ostegun gauerditik hasi eta ostiral eguerdira arte. "Ordubetean 15 l/m² baino gehiago pila daitezke Gipuzkoan, bereziki ekialdean. Zaparrada ertainak botako ditu, eta baliteke zenbait tokitan handiak eta trumoitsuak izatea, bereziki ekialdean. Gipuzkoan 20-40 l/m² pila daitezke", ohartarazi du Euskalmet meteorologia agentziak.

Giro honekin, ostegun honetan, abuztuaren 3an Usurbilen, "zeru oso hodeitsu egongo da eta zaparradak botako ditu. Ipar-mendebaldeko haize ahul-bizia ibiliko da, bolada gogorrekin eta oso gogorren batekin. Tenperatura maximoak asko jaitsiko dira", Euskalmet-en arabera. Bihar, hilak 4, "zerua hodeitsu edo oso hodeitsu egongo da. Zaparradak botako ditu, bereziki egunaren lehenengo partean; egunaren amaieran atertzera egingo du. Ipar-mendebaldeko haize ahul-bizia ibiliko da, bolada gogorrekin; arratsaldean haizeak indarra galduko du. Tenperatura minimoak gutxi jaitsiko dira eta maximoetan aldaketarik ez".

Larunbatean atertuko du. "Goizaldean eta egunaren amaieran zerua hodeitsu egongo da; egunaren erdialdeko orduetan zerua hodei gutxirekin egongo da. Goizaldean eta gauean euri txikia egingo du. Hego-mendebaldeko haize ahula ibiliko da eta eguerditik aurrera mendebal/ipar-mendebaldera aldatuko da; gauean indartu egingo da. Tenperatura minimoak gutxi edo nahikoa jaitsiko dira eta maximoak nahikoa igoko dira", Euskalmet-en arabera.


Informazio eguneratua, euskalmet.eus atarian jaso ahalko duzue.